Kattu hil zuteneko 37. urteurrena gogoratu dute, lore eskaintza eginez

Nerea Uranga 2020ko abe. 19a, 14:41

Gaur bete dira 37 urte Ramon Oñederra Kattu Baionan hil zuela GALek. Urtero bezala, lore eskaintza egin dute ezker abertzaleko kideek parrokiaren atariko oroigarrian.

37 urte bete dira gaur, abenduak 19, GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra Baionako Kaietenea tabernan tiroz erail zuenetik. Egun hauetan Kattu gogoan hainbat ekitaldi egiten ari dira Azkoitian, Azkoitiko Ezker Abertzaleak deituta. Atzo, ostirala, 'Estatu terrorismoaren ondorioak' hizketagai hartuta hitzaldia izan zen Elkargunean. Ane Muguruza Josu Muguruza zenaren alabak, Egiari zor elkarteko Tasio Arrizabalagak eta Arantxa Oñederra Kattu zenaren arrebak parte hartu zuten solasaldian, eta jende dezente bildu zen hitzaldi aretoan.

Gaur, berriz, Katturen hilketaren eguna gogoan, lore eskaintza egin dute parrokiaren atariko oroigarrian, eta han dagoen panela berritu dute, Txetxu Urteaga deportatu zenaren (Venezuelan hil zen joan den apirilaren 2an) irudia erantsiz. Oroimen ekitaldian salatu dute Espainiako Estatuak ez dituela "biktima guztiak" berdin aitortzen, eta hori hala ez izateko erakunde guztiek egin beharreko ahalegina nabarmendu dute.

Bihar, igandea, Kattu Xake Memoriala egingo dute online, Anaitasuna Kakute Xake Taldeak antolatuta. Zazpi txandatan banatuta jokatuko dituzte partidak, eta gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute. Jokalari bakoitzak bost minutuko partidak jokatu ahalko ditu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide