'Bateragune auzia' errepikatzearen kontra egin dute Azkoitian

Nerea Uranga 2020ko abe. 19a, 13:45

Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko mobilizazioan egin dira gaur, larunbata, Euskal Herriko hainbat herritan. Dozenaka lagun bildu dira gaur eguerdian Azkoitian egin den elkarretaratzean.

Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu berri du Espainiako Auzitegi Gorenak. Auzitegi horretako bigarren salako hamasei epaileek aho batez onartu dute berriro epaitzea Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Sonia Jacinto. Horretarako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua hartu dute oinarri, argudiatuta Bateragune auzia bezalakoak salbuetsita daudela epaiketa berriz egiteko debekutik. Gainera, Miguel Colmenero txostengileak eta Navia Osorio fiskalak bat egin dute ondoko irizpideari helduta: adierazi dute zenbait auzi epaitu gabe geratzea saihestu behar dela.

Duela hamar urte baino gehiago atxilotu zituzten bost auzipetuak, eta osorik bete zituzten Gorenak berretsitako espetxe zigorrak; denera, 31 urte.

Gorenaren erabakia argitara atera ostean, mobilizatzera dei egin zuten Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan, eta gaur izan dira protestak herriz herri. Azkoitian 12:00etan egin dute elkarretaratzea eta dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide