Urtea bukatzerako 1,8 milioi euroko mailegua eskatuko du Azkoitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 18a, 16:19

Mailegu eskaera egin ala ez erabakitzeko ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean, eta EAJren, Azkoitia Bairen eta PSE-EEren babesarekin, Udal Gobernuaren proposamenak aurrera egin zuen. EH Bildu abstenitu egin zen.

Azkoitiko Udalak 1,8 milioi euroko mailegua eskatuko du urtea bukatu aurretik. Halaxe erabaki zuten atzo arratsaldean egin zuten ezohiko udalbatzarrean. Udal Gobernuak egindako proposamena babestu zuten EAJko zinegotziek, Azkoitia Baikoak eta PSE-EEkoak; EH Bildukoak, berriz, abstenitu egin ziren.

Ana Azkoitia Ogasun zinegotzia izan zen mailegu eskaeraren nondik norakoak azaldu zituena. Haren hitzetan, udalaren finantza egoera “ona” da, 2,5 milioi euroko gerakina baitu, baina mailegu hori eskatzea “ezinbesteko” jo zuen aurreikusitako inbertsioekin jarraitu ahal izateko. Igerilekua handitzeko lanak eta Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak dira inbertsio horiek. 

Udalak aurreikusitakoa baino 1,3 milioi euro gutxiago jaso ditu aurten udalak finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsetik, eta orain eskatuko duen maileguarekin hori eta aurtengo aurrekontuetan aurreikusita zuen 500.000 euroko beste mailegu bat estaliko lituzke, aldundiak horretarako baimena eman diolako. Datorren urtean, berriz, 1, 2 milioi euroko beste mailegu bat eskatzea aurreikusten du udalak. Horri buruz, baina, bi aste barru hitz egingo dute, datorren urterako aurrekontuak onartzeko egingo duten udalbatzarrean. 

Ogasun zinegotziaren esanetan, udalak orotara maileguan jasoko lituzkeen hiru milioi euroak eta gerakinetan duen dirua, besteak beste, inbertsio nagusi horietara bideratuko lituzke. Zehaztu zuen bi eskuhartze horien kostua lau milioi eurotik gorakoa izango dela, alegia, maileguekin bakarrik ezingo duela ordaindu, baina languntza hori “ezinbestekoa” izango duela.

Mailegua negoziatzera hiru erakundetara jo dutela azaldu zuen Azkoitiak: Euskadiko Kutxara, Kutxabankera eta Rural Kutxara. Adierazi zuen hiruak azaldu zirela udalari dirua uzteko prest, baina azkenean eskaintzarik onena Euskadiko Kutxak egin diola. Hiru urteko gabealdia, dirua hamar urtean bueltatzeko aukera, Euriborra gehi %0,46ko interesa eta hiru hilabeteka ordaintzeko aukera, hain zuzen. Ogasun zinegotziak esan zuen, baldintza horiei esker, gaur egun dituen maileguak itzuli ostean hasiko litzatekeela udala mailegu berriari aurre egiten.

Udal Gobernuaren jarrera kritikatu du EH Bilduk

Azkoitia Bai herri plataformako zinegotzi Jose Joakin Etxanizek Udal Gobernuaren proposamena babestu zuen, mailegu horrekin finantzatuko diren lanak bere taldeak aspalditik eskatu dituen lanak direlako. “Badirudi izurrite garai hauek ez direla egokienak horrelako proiektuak gauzatzeko, baina bestalde, ezta bertan behera utzi eta ahazteko ere”. Adierazi zuen mailegua eskatzeko momentu egokia dela, udalak dirua baldintza onetan eskuratzeko aukera izango duelako, eta gainera, “hurrengo urteetan gobernuan egongo liratekeen beste taldeak gehiegi hipotekatu gabe”.

EH Bilduk, ostera, ez zuen mailegua eskatzearen kontra egin, baina ezta alde ere. Iraitz Otaño zinegotziak udalaren jarrera kritikatu zuen oposizioko alderdiek bozketa baino hiru aste lehenago izan dutelako Udal Gobernuaren intentzioen berri. “Ez dugu aukerarik izan gai horren inguruan gure proposamen eta iritzirik partekatzeko. Zenbateko kreditua eskatu, diru hori zertan inbertitu, eta abar. Herritarrekiko gardentasunik ez da egon prozesuan zehar. Zorpetzea itxi arte herritarrek ez dute horren berririk izan eta diru hori zertan inbertitu erabakitzeko aukerarik ere ez dute izango itxuraz. Uste dugu herria horrelako zor batean sartzea erabakita, herritarren iritzia eta nahiak sekulako garrantzia duela eta kontuan izan beharko genituzkeela horrelako erabaki garrantzitsu bat hartzerako orduan”. Ana Azkoitiak erantzun zion Udal Gobernuak ere azaroaren bukaerara arte ez zuela jakin zorpetzeko aukerarik izango zuenik, eta horregatik egin dituztela gauzak horren azkar, eta aurretik ere erabakita zegoela diru hori zertan erabili.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide