Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek datozen egunetan bisitatuko dituzte ikastetxeak

Andoni Elduaien 2020ko abe. 20a, 10:00

Floreagan bihar eta etzi artean hartuko dituzte Olentzero eta Errege Magoak; Xabier Munibe ikastolan, berriz, asteartean egingo diete ongietorria Olentzerori eta Mari Domingiri.

Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek datozen egunetan bisitatuko dituzte herriko ikastetxeak. Floreaga ikastetxean Olentzeroren eta Errege Magoen etorrera ospatuko dute, eta Xabier Munibe ikastetxean Olentzerorena eta Mari Domingirena.

Bihar, astelehena, Olentzeroren bisita izango dute arratsaldean Floreaga ikastetxean. Aurreko urteetan ikastetxeko txikienak aretoan elkartzen baldin baziren ere, aurten, osasun egoeragatik, Olentzero gelaz-gela pasatuko da haurrak bisitatzera. Asteartean, berriz, Errege Magoak jasoko dituzte Floreagan. Orain arte Baztartxo antzokian egin ohi zuten jaialdia; haurrak baserritarrez janzten ziren, eta gurasoak gonbidatzen zituzten jaialdira. Aurten, ordea, ez dute baserritar jantzirik eraman beharko soinean, eta gurasoek ere ezingo dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak ikustera joan.

Xabier Munibe ikastolara, aldiz, bihar iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi. LH3. mailara arte gelaz-gela ibiliko dira ikazkina eta Mari Domingi ikasleen eskutitzak jasotzen musikak eta Gabonetako abestiek lagunduta. Hala eta guztiz ere, amaieran ikastolako areto nagusian egin ohi zuten jaialditxoa ez dute egingo aurten. LH3. mailara arteko ikasle guztiei baserritarrez jantzita joateko deia egin diete, baina gainontzekoei ere gonbidapena luzatu diete.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide