Denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu du Azkoitia-Azpeitia ISBk, Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 17a, 15:55
Morgan Green. (Argazkia: ISB)

79 eta 57 irabazi zuen Azkoitian Andoni Lazkanoren taldeak. Atsedenaldirako hemezortzi puntuko errenta atera zion ISBk Avilesko taldeari.

Atzo, asteazkena, hirugarren jardunaldian atzeratutako neurketa jokatu zuen Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak Agrupacion Deportiva Baloncesto Aviles taldearen aurka, Azkoitian. Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak 79 eta 57 menderatu zuen Asturiaseko (Espainia) ADBA taldea. Jokalarien artean nabarmenena Morgan Green izan zen. 28 puntu saskiratu zituen eta 29 puntuko balorazioa lortu zuen.

Bigarren laurden ikusgarri batean hautsi zuen neurketa Azkoitia-Azpeitia ISBk. Lehen hamar minutuetan ere nagusi izan zen etxeko taldea, bost puntuko errenta aterata, 23 eta 18 amaitu baitzen lehen laurdena. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, Lazkanoren taldeak 27 puntu saskiratu zituen eta hamalau besterik ez zituen jaso. Hein handi batean neurketa haustea lortu zuten etxekoek, hemezortzi puntuko aldea eskuratu baitzuten.

Atsedenaldiaren ostean, neurketa orekatu egin zen Azkoitiko Elkarguneko kantxan. Hirugarren laurdena urria izan zen puntuei begiratuta, baina aberatsa defentsa lanean; hamabi eta hamar amaitu zen aldageletatik atera osteko laurdena. Azken zatian ere nagusi izan zen Azkoitia-Azpeitia ISB, eta amaieran 22 puntuko aldea lortuta, denboraldiko zortzigarren garaipena batu zuen Azkoitia-Azpeitia ISBk. Sailkapenean bosgarren postuan egonkortu da Andoni Lazkanoren taldea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide