EH Bilduk 'Bateragune auzia' errepikatzearen aurkako mobilizazioa egingo du larunbatean, plazan

Andoni Elduaien 2020ko abe. 17a, 14:40
'Bateragune auzia' errepikatzearen aurka agertu da EH Bildu. (Argazkia: EH Bildu)

Herriko plazan egingo dute mobilizazioa, 12:00etan. 'Demokrazia' lemapean egingo dute elkarretaratzea Euskal Herriko hainbat herritan.

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu ostean, EH Bilduk mobilizaziorako deia egin du datorren larunbaterako. "Erabakia Euskal Herrian bakearen eraikuntzan emandako aurrerapausoen aurkako erasoa da. Estatuaren injustizia sistema honetan ez dago demokraziarik Euskal Herritarrentzat", azaldu du koalizio independentistak.

Bateragune auzia errepikatzearen aurka mobilizatzeko Euskal Herrian antolatu diren herriz herrikako deialdiekin bat egin du Azkoitiko EH Bilduk, eta larunbatean, 12:00etan, herriko plazan elkartzeko deia egin dute. Herriko hainbat taldek bat egin dute deialdiarekin, besteak bete, Azkoitia Bai herri plataformak, Azkoitiko Sarek eta Sostenipe talde feministak. Era berean, EH Bilduk deialdiarekin bat egiteko deia egin die Azkoitiko herritarrei eta kultur eragile guztiei.

Euskal Herriko hainbat taldek ere jakinarazi dute mobilizazioekin bat egingo dutela. Besteak beste, ELA, LAB, Steilas, ESK, Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Nafarroako Izquierda Unida, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare, Etxerat eta CCOO-Euskadi erakundeek egin dute bat. "Injustizia honi aurre egiteko larunbat honetan 12:00etan guztiok Azkoitiko Plazara. Ez gaituzte ez geratuko eta ez ixilduko; demokraziaren aurkako erasoen aurrean, batera aurre", azaldu du EH Bilduk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide