Sei positiborekin, zertxobait igo egin da Azkoitiko intzidentzia tasa

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 17a, 14:04

Azkoitiak eremu laranjan jarraitzen du, 308,62ko intzidentzia tasarekin —atzo 300,28koa zen—. Eskualdean, berriz, behera egin du positibo berrien kopuruak: hemeretzi hauteman zituzten atzo, eta zazpi gehiago izan ziren herenegun.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo sei positibo baieztatu zituzten herrian, eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin du: 300,28tik 308,62ra. Oraindik ere eremu laranjan jarraitzen du Azkoitiak, tabernak ixtea ekarriko lukeen 500eko mugatik urrun.

Eskualdean, berriz, hemeretzi positibo baieztatu zituen atzo Osakidetzak, bezperan baino zazpi kasu gutxiago, baina asko hala ere. Azkoitikoez gain, beste hiru herritan zenbatu dituzte positiboak: sei Zarautzen, lau Azpeitian eta hiru Zumaian. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez dute kasurik izan.

Semaforoak gorri jarraitzen du Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 650,95ean aurkitzen da une honetan. Ondorioz, oraindik ere itxita jarraitu beharko dute ostalaritzako establezimenduek herri honetan. 

Azpeitia da gorriz dagoen herri bakarra eskualdean. Azkoitiarekin batera, laranja kolorez jantzita dago Zarautz ere, 343,33ko tasarekin. Orion eta Zumaian, aldiz, semaforo horiak jarraitzen du piztuta. Azken hau berdetik hurbil egon zen orain astebete inguru, baina azken egunotan izandako igoeren ondoren 132,32ra igo da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hobera egin du egoerak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hobera egin du egoerak eta positiboen kopurua nabarmen jaitsi da. Hori hala izanda ere, zenbakiek kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Herenegun izandako 582 kasuetatik atzoko 396ra pasa da positibo kopurua. 12.572 proba egin zituzten atzo, eta ondorioz positibotasun tasa %3,1ekoa da.

Lurraldeei dagokionez, Araban 79 kasu izan zituzten atzo, 177 Bizkaian eta 138 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren bi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 335 lagun daude ospitaleratuta Osakidetzako erietxeetan, eta 98 dira ZIUn aurkitzen diren pertsonak.

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik daturik eman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide