Bertan behera gelditu dira Jenny Caleroren ikasleen dantza emanaldia eta 'K-Baret' antzerki musikala

Andoni Elduaien 2020ko abe. 17a, 13:35
'K-Baret' antzerki musikala. (Argazkia: K-Baret)

Udalak azaldu duenaren arabera, indarrean dagoen dekretuak "ez du baimentzen" musika edo dantza talde ez-profesionalen ikuskizunak egiterik.

Azkoitiko Udalak gaur jakinaraz duenez, bertan behera gelditu dira Jenny Caleroren eta bere dantza ikasleen emanaldia eta K-Baret antzerki musikalaren emanaldia. Udalaren arabera, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 11n argitaraturiko azken dekretuak "ez du baimentzen" musika edo dantza talde ez-profesionalen emanaldirik. "Etxeetara zabaldutako Gabon egitarauan bi emanaldiak sartuta daude, baina azkenean arauek ez dute ahalbidetuko ez bata eta ez bestea gauzatzea", azaldu du udalak.

Kultura jarduerei eta ikuskizunei buruz dekretuak honako hau adierazten duela azaldu du udalak: "Jarduera edo ekitaldi kulturalik edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Bertan behera geratzen dira musika zein ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide