Udalak mailegu eskaera egin edo ez bozkatzeko ezohiko bilkura egingo du bihar

Andoni Elduaien 2020ko abe. 16a, 19:23

1.800.000 euroko mailegua eskatu edo ez bozkatuko dute udal taldeek bihar. Udal gobernuak azaldu du udalaren egoera finantzarioa "ona dela", baina aurreikusita dituzten inbertsioak aurrera eramateko "irteera bakarra zorpetzea" dela nabarmendu du.

Azkoitiko udalbatzarrak mailegu eskaera bat bozkatuko du bihar 18:00etan egingo duen udal osoaren ezohiko bilkuran. 1.800.000 euroko mailegua eskatu edo ez bozkatuko dute udal taldeek. "Helburua da udalak nahikoa baliabide eskura izatea Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren jaitsierari eta COVID-19ak ekarritako gastuei aurre egiteko nahiz aurreikusitako inbertsioekin jarraitu ahal izateko", azaldu du Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak.

Udal gobernuak azaldu du udalaren egoera finantzarioa "ona" dela. "2.527.757,31 euroko gerakina dugu, baina zorpetzea da eskuartean ditugun proiektu handiak aurrera ateratzeko dugun irteera bakarra. Baliabide ekonomikorik gabe, ez dago proiekturik. Zorpetzeko ahalmena du udalak eta bideragarria da", azaldu du Ogasun zinegotziak.

Mailegu eskaera 2021. urteko aurrekontuen lanketaren baitan aztertu beharrekoa dela adierazi du udal gobernuak. Egungo gerakina, 1.800.000 euroko mailegua eta datorren urteko aurrekontuetan udal gobernuak sartzea aurreikusita duen 1.242.140 euroko mailegua inbertsio nagusienetara bideratuko lituzkela jakinarazi du Azkoitiak; besteak beste, Floreagako hurrengo faseen exekuziora eta igerilekuen handitze proiektura. Bi eskuhartze horien kostua 4.000.000 eurotik gorakoa da udalak aurreikusi duenaren arabera. "COVID-19aren pandemiak aurrekaririk gabeko shock ekonomikoa ekarri du, eszenatoki ekonomikoa aldatuz. Horren aurrean, zorpetze ahalmena handitzeko babes legala bilatu da", azaldu du.

Testuinguru horretan, udalaz gaindiko administrazioek "premiazko neurriak" hartu dituzte, inbertsio eta zorpetze politiken esparruan tokiko erakundeei beren erabaki propioak hartzeko ahalmena emanez. Udal gobernuaren hitzetan, 9/2020 foru arauak "bertan behera" uzten ditu arau fiskalak, eta 2020an eta 2021ean "defizit maila jakin batzuk" baimendu ditu. 2020an eta 2021ean arau fiskalak bertan behera uzteak, aurrekontu egonkortasunaren helburuak, hau da, defizita, zorpetze maila eta gastu arauak ez betetzea esan nahi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide