Sidenorrek abenduaren 26an indargabetu egingo du aldi baterako lan erregulazioa

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 16a, 08:30
Altzibarren du egoitza Sidenor enpresak.

Zuzendaritzak urrian ezarri zituen lana erregulatzeko neurriak taldeko lantegi guztietan, horien indarraldia 2021eko abendura arte luzatzeko aukerarekin. Orain, ordea, atzera egitea eta lan erregulazioa erretiratzea erabaki du, lan karga handituko dela eta taldeko lantegietan absentismoak gora egin duela argudiatuta.

Sidenorrek jakinarazi du abenduaren 26an bertan behera utziko duela lantalde osoari eragiten dion aldi baterako lan erregulazioa. Horrenbestez, urriaz geroztik txostenaren eraginpean egon diren 1.500 langileak ohiko jardunera bueltatuko dira; horietatik 300 inguru Azkoitiko lantegikoak.

Zuzendaritzak ez du eman azalpen handirik; soilik adierazi du erregulazioa erretiratzea erabaki duela datozen hiru hilabeteetan lan karga handitzeko aurreikuspenak dituelako eta taldeko lantegietan absentismoak gora egin duelako. Absentismoa %15eko dela esan du, alegia, lanera joan behar luketen langileen %15 ez direla joaten, eta "egoera honetan lan erregulazioa kentzea beste aukerarik ez" duela adierazi du enpresak. Ez du zehaztu zerk eragin duen absentismoaren hazkundea, baina egoera zein den kontuan izanda, ondoriozta daiteke COVID-19ari lotutako arrazoiengatik izan dela.  

Sidenor altzairutegi taldearen zuzendaritzak irailaren 10ean jakinarazi zuen Euskal Herrian, Katalunian eta Kantabrian (Espainia) dituen egoitzetako langile guztien jarduna aldi baterako erregulatzeko neurriak hartuko zituela. Enpresan ordezkaritza duten sindikatuek ez zuten begi onez ikusi enpresaren iragarpena, eta bi aldeak negoziatzen saiatu ziren arren, ez ziren akordiora iritsi. Enpresak aurrera egitea erabaki zuen, eta sindikatuen babesik gabe ere indarrean jarri zituen aldi baterako lana erregulatzeko neurriak.

Enpresak orduan adierazi zuen egoerak behartu zuela "produkzioan zuzenean eragin duen merkatu jaitsierari aurre" egiteko neurriak hartzera, lehentasuna zelako "enpresaren lehiakortasunari eustea, etorkizuneko emaitzak eta enplegua sustatzeko". Enpresaren etorkizuna bermatzeko neurri horien artean aukeztu zuen aldi baterako lan erregulazioa ere, eta mahai gainean jarri zuen erregulazioaren indarraldia 2021eko abendura arte luzatzeko aukera. Hiru hilabete beranduago, atzera egitea erabaki du zuzendaritzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide