Ametsa egikaritzeko ordua

Andoni Elduaien 2020ko abe. 16a, 09:00
Anaitasunako lehen taldea, Txerloian. (Argazkia: Anaitasuna)

Anaitasuna futbol klubeko gizonezkoen taldeak Espainiako Errege Kopako kanporaketa jokatuko du Getaferen aurka Txerloia futbol zelaian bihar, osteguna, 19:00etan hasita. Hitzordu historikoa da Azkoitiko herriarentzat, azkoitiarrentzat eta noski Anaitasuna futbol klubarentzat. 86 urteko ibilbidean lehen aldiz jokatuko du herriko futbol taldeak Lehen Mailako talde baten aurka partida ofizial batean.

Gero eta ordu gutxiago falta da Anaitasunak bere etxean Getafe Lehen Mailako futbol taldea jasotzeko. Gorrixek eguna eta ordua iritsi esperoan daude, eta ilusioa hitza da klubeko zein taldeko ordezkariek behin eta berriz errepikatzen dutena. Xabier Artetxe taldeko entrenatzaileak adierazi du, taldea "ilusio handiarekin" dagoela. "Liga jokatzen ari gara, eta azken egun hauetan zentratu gara bereziki Getaferen aurkakoan. Denboraldi hasieran neurketa hau jokatzeko helburua jarri genuen, lortu genuen eta orain gogo eta ilusio handia dugu", azpimarratu du gorrixen entrenatzaileak. Aurtengo sasoian Anaitasunak ez du oraindik orain ligan etxean neurketarik irabazi. Sailkapena lortuta, kolpe bakarrean bi hesi eraitsi nahi dituzte azkoitiarrek.

Madrilgo Getafe futbol taldeak "bere zigilua" duela azaldu du Artetxe entrenatzaileak. "Azken urteetan elkarrekin jokatzen ari diren jokalari asko dituzte, idea berdinarekin ari dira lan egiten. Intentsitate handiko taldea da Getafe", nabarmendu du azkoitiarrak. Artetxek aurkaria aztertzeko lanak ondo aurreratuta ditu. "Baloia galdutakoan jende askorekin egiten dute presio, eta orduan sortzen dituzte abagune garbienak. Erasoan bi aurrelari on ditu, mugikortasun handikoak. Jokalari askorekin iristen dira areara eta erdiraketa asko egiten dituzte. Oso talde gogorra da". 

Xabier Artetxe entrenatzailea. (Argazkia: Unciti-Mundo Deportivo)

Horren aurrean, formula magikoa aurkitzea zaila izango den arren, Artetxek badaki zein izan daitezkeen gakoak, eta horiei heltzen saiatuko da bere taldea. "Pentsatzen dut Getafek ohi baino baloi gehiago izango duela gure aurka. Guk ziurrak izan behar dugu gure area inguruan. Bat eginda egon behar dugu, eta elkarri lagundu. Horrez gain, baloia berreskuratzen dugunean azkar galtzea ekidin behar dugu. Beraiek egoera horri jarraikortasuna ematen badiote eta guk ezustekorik ez badiegu ematen, kostatu egingo zaigu gure zelaitik irtetea. Zaila izango da", adierazi du taldearen gidariak. Artetxek, ordea, sailkapena lortzeko aukeretan sinesten du. "Hau futbola da, eta gertatu izan dira talde txikien balentriak. 90 minutu ditugu jokatzeko, pentsatu behar dugu gure aukerak izango ditugula, eta saiatu behar dugu partidaren bila joaten, lehiatzen eta Getaferi gauzak zail jartzen".

Saria jokalarientzat

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen taldea, bereziki, azkoitiarrez dago osatuta. Fitxaketa batzuez gain, txiki-txikitatik Anaitasunagatik etsi gabe borrokan jardun duten jokalariz dago hornituta taldea. Horietako bat da Ander Arabaolaza (Azkoitia, 1993). Kimuen mailan hasi zen Anaitasunan futbolean, eta klubeko maila desberdinetan aritu ondoren, "saria" jaso duela iritzi dio hark. "Ilusioz beteta eta gogo ikaragarriarekin gaude; gisa honetako neurketak jokatzeko aukera ez da askotan izaten. Horrelakoetan askotan erabiltzen da amets hitza, baina hortik haratago doan zerbait da. Txikitako nire ametsa Anaitasunako lehen taldean jokatzea zen. Behin hori lortuta, Hirugarren Mailara igotzea bihurtu zen nire desioa; birritan izan dut igotzeko aukera. Amets txiki ugari lortzeko aukera eman dit talde honek, eta aurretik gauzak ondo egiteagatik lortutako saria da osteguneko partida. Gainera, ez dago sari hori lagunekin bizitzea bezalakorik", azaldu du Arabaolazak.

Taldeak dituen aukeretan sinesten du Anaitasunako aurrelariak ere. "Oso zaila izango da, baina zergaitik ez? Futbolean mila gauza ikusi da historian zehar, eta gainera partida batera izanda eta Txerloian, batek daki". Arabaolazak aitortu du, Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera lortu zutenean, "gozatzeaz" pentsatzen zutela bakarrik. Orain, eguna gainean dutela, "irabaztera" ateratzeko gosez daude azkoitiarrak. "Goi mailako kirolariak dira, eta badakigu oso-oso partida zaila izango dela. Zer egin irabazteko? Badakigu Getafek dituen indargune nabarmenenak direla bere intentsitatea eta erritmoa, baina argi dago teknikoki eta taktikoki ere gu baino hobeak direla. Nahiz eta ez izan erraza, gutxienez beraien erritmoa eta intentsitatea berdintzen saiatu beharko dugu. Hori lortzen badugu, beraiek deseroso sentiarazten ahaleginduko gara gero", azaldu du taldeko golegile nagusiak.

Arabaolaza, iaz Eibarren aurka jokatutako partidan.

Aurrelari batek gola izan ohi du helburu bi begien artean, eta badaki Getafeko atetik hurbilen ibiltzeko aukera izango duela. Azken egunetan "gauza asko" irudikatu ditu golegileak. "Eskerrak doakoa den irudikatzea; gola sartzen badut ez dakit zer egingo nukeen momentuan; ez dakit zer aterako zitzaidan barrutik". Hala eta guztiz ere, gauza bat garbi du Arabaolazak. "Gola eginez gero, Txerloiara partida historiko hau ikustera etorri ezin izan dutenei eta Anaitasuna sentitzen duten guztiei zuzenduko nieke".

Bulegoetako lana

Getafe Azkoitira etorriko da, Anaitasunaren aurka jokatuko du, eta berriz Madrilera (Espainia) itzuliko da, galduta edo irabazita. Egun bakar batean egingo du Madrilgo futbol taldeak bidaia, baina Anaitasuna futbol taldeko kideek asteak daramatzate osteguneko hitzordu historikoa prestatzen. Lanak banatuta, Getafe taldeak, federazioak, hedabideek zein segurtasun aparatuek egindako eskakizunak ari dira betetzen. "Lanpetuta eta urduri gaude, baina ilusio puntu batekin ere bai, eguna iristeko eta gauzak ondo egiteko. Egun hauetan gauza asko izan ditugu mahai gainean, eta protokoloa zuzen eramateko paper asko bete behar izan ditugu. Antigeno eta PCR probak egiteko ere antolatu behar izan dugu, eta noski, Getaferen eskaerei aurre egiten aritu gara", azaldu du Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak. Getafe Txerloian hartzeak "ardura" suposatzen du klubarentzat. "Azkoitiko herriaren eta Anaitasunaren izena leku askotan irtengo da, eta izen horiek ondo ordezkatu nahi ditugunez, gauzak ondo egiteko gogoa areagotu egin da. Kirol arloan ahalegina egingo du taldeak Getafe menderatzeko, noski, baina gutxienez gure eskuetan dauden gauzak ondo egin nahi ditugu".

Espainiako Errege Kopako partida antolatzea ez da lan samurra izan klubeko kideentzat. Segurtasuna izan da landu beharreko arlo bat. "Ertzaintzan partidaren ardura izango duten kideekin eta Azkoitiko udaltzain buruarekin bilera izan genuen. Txerloia aztertu genuen segurtasun aldetik, eta ondo prestatuta gaudela ondorioztatu genuen. Getafe Lehen Mailako taldea izanda, taldea Txerloiara ekarriko duen autobusa Ertzaintzak lagunduta iritsiko da Azkoitira. Loiuko (Bizkaia) aireportutik Durangoko (Bizkaia) hotel batera joango dira atseden hartzera, eta handik Azkoitirako bidea Ertzaintzak babestuta egingo dute".

Komunikazioa da klubak asko landu behar izan duen beste arloa. "Prentsa aldetik eduki dugu eskaera handiena: partida ikusteko, argazkiak ateratzeko, irrati bidez neurketa zuzenean eskainiko dutelako… Lan handia izan da komunikazioan akreditazioak antolatzea. Federazioarekin eta neurketa zuzenean eskainiko duten telebistako arduradunekin ere hitz egin dugu, eta derrigorrez egin beharreko hobekuntzak eskatu zizkiguten. Horien artean, aldaketa nabarmenena izan da bi ateetako zutoinak aldatzea. Lehen genituen zutoinek ez zituzten segurtasun arauak betetzen, eta berriak jarri behar izan ditugu. Udalari eskerrak eman nahiko nizkioke aldaketa horiek egiteko eman digun laguntzagatik". Argi aldetik ere klubak "esfortzua" egin behar izan duela azaldu du presidenteak. "Telebistan partida hobeto eskaintzeko, ostegunean argitasun handiagoa izango du zelaiak, alokairu bidez argi gehiago jarri baititugu". 

Urdapilleta Anaitasunako presidentea.

Halere, Urdapilleta presidentea jakitun da COVID-19agatik prestaketak "asko" murriztu zaizkiola Anaitasunari, besteak beste, jarraitzailerik ez dutelako jasoko harmailetan. "Partida publikorik gabe izateak erraztu egin ditu gauzak, jende gutxiagorekin segurtasun arriskuak txikiagoak direlako", nabarmendu du. Baina, noski, neurketa Anaitasunako jarraitzailerik gabe jokatzeko berria tristuraz hartu dute Anaitasunan. "Denboraldi osoa ari da izaten tristea ikuspegi horretatik. Zorionez, ligako bi partidatan Txerloian ikusleak jasotzeko aukera izan dugu. Edukiera mugatuta, baina partidak ikusi nahi izan zituzten bazkideek izan dute aukeraren bat. Hirugarren Mailako talde guztiek ezin dute hori esan. Tristura da hitza, ordea. Pena handia da horrelako partida historiko bat zuzenean ikusi ezin izana", adierazi du presidenteak. Jarraitzaileek, beraz, futbol zelaiko jokoa ikusten den guneren bat aurkitu beharko dute inguruan edota DAZN online plataforma bidez jarraitu, han eskainiko baitute Anaitasunaren eta Getaferen arteko partida ostegunean, 19:00etatik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide