Bidegorriko tuneletako argiteria zuzentzeko eskatu dio udalak aldundiari

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 15a, 12:06
(Argazkia: Azkoitiko Udala)

Udaltzaingoak txosten bat aurkeztu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Ipintza eta Aizpurutxo auzoen arteko bidegorri zatian dauden hamar tuneletako argiteriaren egoera zein den azaltzeko. Horri lotuta, hainbat eskaera egin dio udalak foru erakundeari.

Bidegorriko tuneletako argiteria zuzentzeko eskatu dio Azkoitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udaltzaingoak txosten bat landu du; txosten horretan, Ipintza eta Aizpurutxo auzoen arteko bidegorrian dauden hamar tuneletako argiteriaren egoera zein den zehaztu du, eta aldundiari helarazi dio agiria. Aurrez herritar batek egindako azterlana hartu du Udaltzaingoak oinarri gisa, eta udalaren arabera, "lagungarria izateaz gain, eskertzekoa ere bada" herritarraren ekarpena.

Ondo pizten diren argiak nahiz itzalita edo erreta daudenak zeintzuk diren azaltzeaz gain, udalak eskatu du pertsonen detekzio sistemaren funtzionamendua gainbegiratzeko. Izan ere, pertsona bat tunelean sartzen bada, sistemak haren presentzia antzematen du eta argiak pizten dira. Bigarren bat sartzen bada, ordea, argiek ez dute piztuta denbora gehiago irauten, eta, ondorioz, tunelaren erdian ilunpean aurki daiteke geroago sartu den pertsona edo taldea. Arrazoi hori dela eta, Udaltzaingoak bi gauza eskatu dizkio aldundiari: batetik, argiak eramatea derrigorrezkoa dela adierazten duten seinaleak ipintzeko; eta, bestetik, tunel luzeenetan erdi parean detektagailuak jartzeko aukera aztertzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide