Puntara iritsi zirenen arrastoa

Julene Frantzesena 2020ko abe. 30a, 08:00

Emakumeen futbola 1980ko hamarkadan loratu zen Euskal Herrian, han-hemenka taldeak sortzen hasi baitziren. Azkoitian bazen ikastolari lotuta Gipuzkoa mailan aritzen zen nesken futbol talde bat, baina 14 urtera arte aritu ahal izaten zuten talde hartan; neska gazteek ez zuten futbolean jokatzen jarraitzeko aukerarik.

"Zerbait" egin behar zela eta, Anaitasunara jo zuten Sorkunde Garatek (Azkoitia, 1965) eta haren bikotekide Miguel Barquerok. "Ezetz esan ziguten, ez zegoela taldea sortzerik. Erantzun hura jasota, baina, federaziora jo genuen, eta Azkoitira itzultzean, kirola egiten zuten neska azkoitiarrei taldera batuko al ziren galdezka hasi ginen", azaldu du Sorkunde Garatek.

Talde hartan sartu ziren Ainhoa Peña (Azkoitia, 1972) eta Ainhoa Garate (Azkoitia, 1972), eta handik urtebetera Sara Ariño (Azkoitia, 1968). Futbolean "sekula" aritu gabeak ere batu ziren taldera, Ariñok azaldu duenez: "Ordura arte saskibaloian ibilitakoa nintzen, baina futbolean behin ere ez. Dena den, taldea sortu zutela jakin nuenean, animatu egin nintzen”. Hala gogoratzen du Ainhoa Garatek ere: "Pentsa: 'nork izan nahi du atezain?' galdetu, eta nahi zuen huraxe izaten zen. Aurretik zelai handian aritu gabeak ginen, futbolean ere apenas, asko saskibaloitik zetozen…".

Esan eta egin. Hogei lagunetik gorako taldea osatu eta 1985/86 denboraldian ekin zioten leihatzeari. Babeslearen izena hartu zuen taldeak: Iraurgi Kirolak. Gipuzkoa mailan hasi zuten ibilbidea, eta ikastolaren atarian entrenatzen bazuten ere, ez zuten itxura txarrik eman lehen sasoi hartan. "Aurreneko urtean bosgarren edo seigarren sailkatu ginen, baina bigarren denboraldian talde onenen atzetik –Oiartzun eta Añorga–, hirugarren. Berria izateko, talde orekatua genuen".

Hasierako ibilerak ez dituzte ahazteko, Sorkunde Garatek dioenez. "San Juango harri txintxorrezko futbol zelaia geuk markatzen genuen, dirua biltzen genuen arbitroa ordaintzeko…". Hastapenetan, partidak ikustera "inguruko jendea" joaten zela gogoratzen du Ainhoa Garatek. Ariñok ere hala dio: "Berria zen dena, eta egia esan, jende pixka bat joaten zen neurketetara".

Anaitasunara salto

Bigarren denboraldirako Anaitasunaren barruan sartu zen taldea: "Ikusi zutenean ez ginela hain…", esan du barrez Sorkunde Garatek. Eta Ariñok jarraitu du: "Bai, ikusi zuten serioak ginela, eta…", hark ere barrez. "Jose Mari Floresek esan zigun Anaitasunaren parte izan nahi al genuen aurrena. Gainera, presidente berri bat izendatu zuten, Juan Luis Segurola Burutzu, eta hark asko lagundu zigun, bai hasieran, bai gero. Izan ere, mailaz igo ginenean-eta lan asko egin zuen liga hartan aritzeko aukera izan genezan".

Ibilbidea hasi eta urte gutxira, 1991-92 denboraldian, Gipuzkoako Kopa eskuratu zuen taldeak, eta balentria izugarria egin zuten emakumeek handik bi denboralditara: Espainiako Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten. Hori bai, denboraldi baterako: "Urtebete egin genuen liga hartan, eta seigarren bukatu genuen denboraldia. Futbol klubak esan zigun urtebetez ariko ginela, eta halaxe izan zen; izan ere, aurrekontua…", azaldu du Peñak.

Emakumeen taldearen lehen denboraldiko irudia. (Anaitasuna)

Bartzelona, Oroquieta Vilaverde –gaur egun Atletico Madril–, Tradehi Oviedo, Espanyol, Sabadell, Leon… Punta-puntako taldeak izan ziren denboraldi hartan Azkoitian, eta azkoitiarrek Kataluniako nahiz Espainiako hainbat txoko ezagutzeko parada izan zuten. Dena ez zen poza eta gozamena izan, ordea. Ainhoa Garatek dioenez, denboraldi hura "gogorra" izan zen, futbolariek ikasten edo lanean jarraitzen zutelako. "Bi asteburutik behin batera edo bestera joaten ginen. Partidak ia beti igandeetan izaten ziren, eta bidaia luzea bazen, larunbatez irteten ginen Azkoititik autobusez". Alde onak ere bazituen, ordea, gorengo mailan aritzeak, haren arabera: "Hoteletan pasatzen genuen gaua, eta hainbat toki ezagutzeko aukera izan genuen. Zelai onak ere zapaldu genituen; onena, adibidez, Sabadellen Nova Creu Alta zelaia zen".

Gorenera iritsi izanagatik, hankak lurrean izan zituzten Anaitasunako emakumeek; izan ere, Ainhoa Garatek azaldu duenez, "zaletasunagatik" aritzen ziren futbolean. "Ezin zen pentsatu futbolean inora iritsiko zinenik. Italian-eta bazen mugimendu pixka bat emakumeen futbolean, baina gainerakoan…". Dena den, lortu zutena ez zela nolanahikoa izan esan du Sorkunde Garatek: "Azkoitiko taldetxo bat gorengo mailan… Hori izugarria da!".

Oroitzapen oso onak dituzte sasoi hartaz, baina Ariñok ez zuen izan denboraldi hartaz disfrutatzeko aukerarik: "Aurreko denboraldian min hartu nuen, lotailua hautsi nuen futbolean hasi eta lau urtera... Ebakuntza egin zidaten, baina ez nuen berriz berdegunera itzultzeko aukerarik izan. Dena den, entrenatzen aritu izan nintzen, eta taldekideekin nuen harremanari eutsi nion". Sorkunde Garateren arabera, zorte txarra izan bazuen ere, vsekulako" jokalaria zen Ariño: "Hegalean halako jokalaririk ez dugu izan sekula. Etorkizun handia zuen, oso ona zen. Anaitasunako emakumeen artean lehen lesio larria Sararena izan zen".

Sorkunde Garatek Oiartzunen denboraldi bat eta pixka bat gehiago jokatzeko aukera ere izan zuen. Modu xelebrean hasita, gainera. "Hura Realaren moduko zerbait zen, jokalari asko kanpokoak izaten ginen. Gainera, jokalari batzuk denboraldia hasi eta gero batzen ziren taldera, eta ni horietako bat izan nintzen. Lehen denboraldian fitxa faltsuarekin jokatu nuen; Maria Jesus Perez de Heredia nintzen", azaldu du barrez.

Han ere lorpen ikaragarria egin zuen azkoitiarrak; izan ere, bigarrenez Espainiako Ohorezko Ligan jokatzeko aukera izan zuen 1990-91 denboraldian, benetako fitxa eginda. Espainiako selekzioarekin ere jokatu zuen erdilari azkoitiarrak. "Bi nazioarteko partida jokatu nituen: Italiaren eta Danimarkaren kontra. Gero, Bulgariara hamar egunerako joateko deitu zidaten, baina lana tarteko, ez nintzen joan; saltsak izan nituen ez nintzelako joan, baina tira…".

Ainhoa Garate.

Sorkunde Garate.

Sara Ariño.

Ainhoa Peña.

Zenbat aldatu diren gauzak

Urteak dira lau azkoitiarrek futbola utzi zutela, eta atzera begira ez ezik, gaur egungo emakumeen futbolean ere jarri dute arreta. Izan ere, haien arabera, emakumeen futbola ez ezik, futbola bizitzeko modua asko aldatu da urte guztiotan. Egoera "hobetu" egin dela uste dute: "Oraingo jokalariek erraztasunak dituzte entrenatzeko, mediku zerbitzua dute klubean… Anaitasunak oso ondo du egituratuta du kluba, eta gainera, gaztetxoek aukera dute futbol eskolatik taldeetara jauzi egiteko", azaldu du Sorkunde Garatek.

Bestalde, hamarkada batzuk igarota, baldintzak "asko" aldatu direla dio Ainhoa Garatek, nahiz eta ez diren urte asko hori horrela denetik: "Futbol zelaiak nola dauden, min hartutakoan zer zerbitzu jasotzen duten jokalariek… Gaur egun, zentzu horretan, tratu berbera jasotzen dute emakumeek nahiz gizonek".

Sorkunde Garatek uste du oraindik ere "gauza asko" daudela hobetzeko, baina garbi du: "Ez da emateko zain egon behar, egin egin behar da. Gaur egun ere borroka handia ari dira egiten, eta oraindik ere gauza asko daude egiteko. Hori bai, guk ere borroka egin behar dugu, ezin dugu pentsatu dena eginda etorriko denik". Anaitasunan emakumeen futbolaren alde lan handia egin duten pertsonak badirela azaldu dute, Ibon Orbea adibidetzat jarrita. "Azken urteetan hura egon izan ez balitz…", zehaztu dute.

Lorpenekin ez, baina aitortzari lotutako arantzatxo bat badute futbolari ohiek. Hala azaldu du Sorkunde Garatek: "2018an 25 urte bete ziren Espainiako Ohorezko Mailan aritu ginela, eta inortxo ere ez zen akordatu. Mutilen edozein lorpenekin berehala gogoratzen dira…". Are gehiago: Txerloia futbol zelaiko bulegoetan-eta beren argazkirik ez dagoela ikusgai esan du Peñak: "Ez da normala… Gizonek ez dakit zer irabazi zutela-eta argazkiak daude hormetan, eta gurerik batere ez. Tokatzen dela uste dut, baina…".

Lagun talde ere bai

Futbolak emandako gauza guztien gainetik dago taldeko kideen artean eraikitako harreman sarea. Kirola bai, baina laguntasuna ere bai. Une gogoangarriez galdetuta, afariak eta taldeko irteerak ekarri dituzte gogora lau futbolari ohiek. "Denboraldi bukaeran Donostiara joan izan ginen afaltzera, eta gero han ikasten zeuden taldekideen etxeetan lo egiten genuen", azaldu du Sorkunde Garatek.

Adin desberdinetako emakumeak elkartu ziren urtez urte Anaitasunan, eta parrandarako tartea ere izaten zutela gogoratu dute. "Parrandan taldeko helduekin" ikasi zutela dio Peñak, eta horrekin bat egin du Ainhoa Garatek: "Zaharrekin ikasi genuen juergan. Eta onena da gurasoek uste zutela haiekin parrandan txintxo ibiltzen ginela…".

Laurek taldean sortutako "giroa" aipatu dute. Hala dio Ariñok: "Kirola gustatzen zitzaigun, eta lagunarte oso ona topatu genuen taldean, gustura ibiltzen nintzen". Ildo beretik hitz egin du Peñak ere: "Lagun asko egin nituen, adin desberdinetakoak; oso ondo moldatzen ginen".

Duela mende laurden baino gehiago sortutako talde hartako kideek harremana dute gaur egun ere. Hala azaldu du Ariñok: "Azken bi urteetan ez dugu egin, baina garai hartako taldeko kideok afaria egin izan dugu". Urteak pasatu badira ere, batzuek ez dute futbolarekin behin hasi zuten lotura hura eten: Sorkunde eta Ainhoa Garatek Anaitasunako infantil nesken taldea gidatzen dute. Peñak eta Ariñok ere kirolari lotuta segitzen dute, futbolaz haratago bada ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide