Ramon Oñederra 'Kattu'-ren omenezko ekitaldiak izango dira ostiraletik igandera bitartean

Anartz Izagirre 2020ko abe. 14a, 10:53
Ramon Oñederra 'Kattu'-ren aldeko iazko omenaldiko irudia. (Anartz Izagirre)

Ostiralean, hilak 18, Estatu terrorismoaren ondorioak Euskal Herrian hitzaldia eskainiko dute Elkargunean. Zapatuan, berriz, lore eskaintza egingo diote Katturi monolitoan, eta, igandean, xake memoriala egingo dute azkoitiarraren omenez, online.

Hilaren 19an 37 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu hil zuenetik, eta aurten ere azkoitiarraren aldeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Azkoitiko Ezker Abertzaleak. Lehen hitzordua ostiralean izango da; izan ere, Estatu terrorismoaren ondorioak Euskal Herrian izenburupean solasaldia eskainiko dute Elkargunean, 18:30ean hasita. Hiru hizlari izango dira: Arantxa Oñederra Katturen arreba, Ane Muguruza Josu Muguruzaren alaba eta Tasio Arrizabalaga Egiari zor elkarteko kidea. Osasun krisia dela eta, hitzaldian beharrezko segurtasun neurriak hartuko dituzte antolatzaileek.

Bestalde, zapatuan, abenduak 19, urteroko lore eskaintza egingo diote Katturi parrokia alboan duen monolitoan, 12:30ean hasita. Igandean, berriz, Kattu Xake Memoriala egingo dute online, Anaitasuna Kakute Xake Taldeak antolatuta. Zazpi txandatan banatuta jokatuko dituzte partidak, eta gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute. Jokalari bakoitzak bost minutuko partidak jokatu ahalko ditu.

Honako lotura honetan ikus daitezke Katturen aldeko iazko ekitaldietako argazkiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide