Juaristi ISBk Zentro Basket Madrid taldea garaitu du etxean

Andoni Elduaien 2020ko abe. 14a, 07:55
ISBko jokalari bat saskiratzea egiten. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Iñaki Jimenezen taldeak hemeretzi puntuko aldeagatik menderatu zuen atzo Azpeitiko kiroldegian Madrilgo saskibaloi taldea. Multzoko lidertzan jarraitzen du Juaristi ISBk.

Juaristi ISBk 89 eta 70 irabazi zuen atzo, igandea, Madrilgo Zentro Basket Madrid taldearen aurka, Azpeitiko kiroldegian. Jokalarien artean Kevin Buckingham eta Manuel Alejandro Suarez nabarmendu ziren. Lehenak 25 puntu saskiratu zituen 26 puntuko balorazioa lortzeko. Suarezek, berriz, hamasei puntu saskiratu zituen eta 22 puntuko balorazioa eskuratu zuen.

Lehen laurdenaren amaieran zortzi puntuko abantaila lortu zuen ISBk, 23 eta 15eko markagailua lortuta. Atsedenaldirako, berriz, aldea handitzea lortu zuen etxeko taldeak. 42 eta 32 erakusten zuen markagailuak lehen hogei minutuen ondoren.

Aldageletatik bueltan, berriz, talde bakoitzak 22na puntu saskiratu zituen, eta azken laurdena hasi aurretik, atsedenaldian bezala, hamar puntuko abantaila zuen ISBk. Azken laurdenean, ordea, ISBk nagusitasuna erakutsi zuen bere kantxan, eta 25 puntu saskiratuta eta hamasei jasota, 89 eta 70 irabazi zuen. Bederatzi neurketa jokatuta, zortzi garaipen ditu bilduta Juaristi ISBk eta bat galduta; hori horrela, sailkapeneko liderra da Iñaki Jimenezen taldea.

Neskek, porrota

Azkoitia-Azpeitia ISBk, bestalde, segidako bigarren porrota jaso zuen atzo goizean, Tenerifen (Kanaria uharteak, Espainia). Lau punturen aldeagatik, 66 eta 62 galdu zuten neskek Vega Lagunera Adareva taldearen aurka. Lehen eta azken laurdenak irabazi zituzten, baina horiek ez ziren nahikoa izan bigarren eta hirugarren laurdenetako aldea iraultzeko. Marguerite Effa nabarmendu zen ISB taldean, 20 puntu saskiratua eta 29 puntuko balorazioa eginda. Sailkapenean bosgarrena da Andoni Lazkanoren taldea, zazpi garaipenekin eta lau porrotekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide