Haurrek pantailaren aurrean zer egiten duten aztertzeko hitzaldi-tailerra antolatu dute datorren asterako

Andoni Elduaien 2020ko abe. 11a, 09:29

Asteartean eta asteazkenean Elkargunean eskainiko dituzte ordu eta erdi inguruko bi saioak. Elkarren artean osagarriak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Azkoitiko Gazteria Zerbitzuak hitzaldi-tailerrak antolatu ditu nerabeei eta familiei zuzenduta, "segurtasunean sakontzeko xedez". 'Ba al dakizu zer egiten duten zure seme-alabek pantaila aurrean?' izenburupean, teknologia berrien erabilera segurua eta osasuntsua sustatzea helburu duen Pantallas Amigasek zuzenduko ditu hitzaldi-tailerrak abenduaren 15ean eta 16an. Bi saio eskainiko dituzte, "elkarren artean osagarriak". Saioak Elkargunean egingo dituzte, 15:15etik 16:45era.

Adituen arabera, haurrak, batez beste, 10 edo 11 urterekin hasten dira Internet erabiltzen. Asko egunero konektatzen dira, eta astean zehar orduak ematen dituzte pantailaren aurrean. "Haurrak eta gaztetxoak erraz hurbiltzen dira teknologia berrietara, eta abantaila ukaezinak dituzte hezkuntza, gizarte eta aisialdi esparruetan. Eskaintzen dituzten aukerei etekina ateratzeko segurtasuna bermatuz, ezinbestekoa da teknologia berriek dituzten arriskuak ondo ezagutzea eta nola aurre egin jakitea", azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide