Erosketa bonuak udaletxean eskuratu ahal izango dira astelehenetik aurrera

Anartz Izagirre 2020ko abe. 10a, 13:36

Bihar, ostirala, 12:00etan amaituko da txartelak online erosteko aukera. Datorren astelehenetik aurrera, berriz, udaletxean soilik eskuratu ahal izango dira bonuak, Herritarren Zerbitzu Bulegoan.

Herriko kontsumoa suspertzeko mila bonu atera zituen Azkoitiko Udalak hil honen hasieran, eta oraindik ere badago txartel horiek eskuratzeko aukera. Bonuak sarean erosteko epea bihar, ostirala, amaituko da www.dendago.com/azkoitia webgunean, eta datorren astelehenetik aurrera udaletxean soilik eskuratu ahal izango dira. Txartelak erosi nahi dituzten herritarrek Herritarren Zerbitzu Bulegora jo beharko dute astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara bitartean.

Bonuak herriko kontsumoa suspertzeko eta merkatariei, ostalariei nahiz zerbitzuen sektoreari COVID-19ak eragindako krisia arintzen laguntzeko dira; 40 eurotan daude salgai, eta 60 euroko balioa du bakoitzak. Beraz, 60.000 euroko negozio-bolumena eragingo du kanpainak. Urtarrilaren 5era bitartean erabili ahal izango dira txartelak, eta erosketek hamar eurotik gorakoak izan beharko dute bonuak erabili ahal izateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide