Eskualdean sei kasu positibo zenbatu dituzte, horietatik bi Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko abe. 9a, 12:32

Lehen kasua herrian zenbatu zutenetik 747 azkoitiarrek eman dute positibo. Hala eta guztiz ere, azken asteetan behera egin dute agerraldiek, baita intzidentzia tasak ere. Eremu 'horia' izaten jarraitzen du Azkoitiak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Azkoitian beste bi kasu positibo zenbatu dituzte. Atzo, asteartea egindako PCR eta antigeno probetan atzeman dituzte bi kasuok. Eguneko positibo kopuruak nabarmen egin du behera azken asteetan, eta nola ez, baita azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere. Azkoitia egun gutxian eremu gorria izatetik horia izatera igaro da; hala eta guztiz ere, urrun du oraindik ere eremu berdea. 250,23koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz Azkoitian, eta eremu berdean sartzeko tasak 60koa baino baxuagoa izan behar du. Lehen kasua herrian agertu zenez geroztik 747 azkoitiarrek eman dute positibo probaren batean.

Eskualdean ere azken asteetako daturik apalena zenbatu dute. Azkoitiko bi kasuez gain, beste lau kasu zenbatu ditu Osasun Sailak Urola Kostan, eta horiek Azpeitian baieztatu dituzte. Azpeitia da egun eremu laranjan jarraitzen duen 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri bakarra; intzidentzia tasak behera egin du apur bat han ere atzoko datuarekin alderatuta, eta egun 371,97koa da.

Urola Kostako gainerako herrietan Osasun Sailak ez zuen kasu positibo bakar bat ere zenbatu atzo. 5.000 biztanletik gorako gainerako herri guztiak eremu horian daude, beraz. Zumaia da 91,60ko intzidentzia tasarekin eremu berdea gertuen duen herria. Orion 247,48koa da intzidentzia tasa, ondorengoa da Azkoitia eta segidan dago Zarautz, 287,54ko tasarekin.

536 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, bestalde, 536 kasu atzeman zituen atzo Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.234 test diagnostiko egin zituzten PCR eta antigeno proben bitartez, eta horietan 450 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian detektatu zituzten kasu gehien: 227 kasu guztira. Gipuzkoan, bestalde, 143 kasu zenbat zituzten eta 73 positibo Araban. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi pertsonak ere eman zuten positibo. Nafarroan, bestalde, zertxobait gora egin dute kasuek. 1.057 proba egin zituzten atzo han, eta guztira 86 kasu atzeman zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeen egoerari erreparatuz gero, ospitaleratzeen kopuruak gora egin du herenegundik. Atzo beste 38 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira 388 pertsona daude "COVID-19a tarteko" ospitalean. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), aldiz, 125 lagun daude gaur-gaurkoz. Osasun Sailak, asteazkenero eman ohi duen moduan, azken asteko heriotzak ere jakinarazi ditu; 76 lagun hil dira, Osasun Sailaren arabera, "COVID-19a dela eta".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide