Bulego musika taldeak birritan piztu du Baztartxo 'Ilun dagoen arren' EP berriaren aurkezpenarekin

Andoni Elduaien 2020ko abe. 9a, 08:33

Atzo bi kontzertutan aurkeztu zuen Azkoitiko musika taldeak EP berria. Aurreko laneko abestiak joaz hasi zuen aurkezpen kontzertua Bulegok, eta amaieran eskaini zituen 'Ilun dagoen arren' EP berriko abestiak.

Bulego musika taldeak Ilun dagoen arren EP berria aurkeztu zuen atzo, asteartea, Baztartxo antzokian. Bi emanaldi eskaini zituen herriko musika taldeak; 16:00etan hasi zen lehen saioa, eta 18:30ean bigarrena. Biak ala bietan Baztartxo bete egin zen egun dituen edukiera mugetara. Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak aurkeztu eta zuzendu zituen bi emanaldiak, eta umorez Bulegoren eta taldea osatzen duten bost musikarien hainbat gai ukitu zituen.

Aurkezpenaz gain, taldeak bideoen bidez erakutsi zituen diskoa sortzeko bidean grabatutako irudiak. Umoretik aparte, sentimenduzko uneak ere izan ziren antzokian. Gainera, Paula Diaz abeslari azkoitiarrak Tomas Lizarazu musika taldeko abeslariarekin batera kantatu zuen abesti bat. Amaieran, ikus-entzuleek musika taldeko kideei taldearen inguruan galderak egiteko aukera ere izan zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide