Artista

Udane Juaristi: "Libreago sentitu naiz azken koadroak margotzerakoan"

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 8a, 13:12
(Argazkia: Andoni Elduaien)

Ostiralean inauguratu zuen Udane Juaristik Ibilixen erakusketa, eta abenduaren 20ra arte izango da zabalik. Azken lanetatik, "aldaketa" nabarituko dute bertaratzen direnek.

Pintzelkada bat aurrena, bestea gero. Halaxe, ibilixen-ibilixen, sortu ditu Udane Juaristik (Azkoitia, 1985) Azkoitiko Torre Zuri erakusketa aretoan jarri dituen margolanak. Erakusketaren izenak ere ezin zuen bestelakorik izan: Ibilixen. "Nik asko erabiltzen dut hitz hori", dio. 

Margoak eta pintzelak hartuta batera eta bestera ibili ohi zara. Orain, Azkoitian jarri duzu erakusketa. Nolatan itzuli zara etxera?

Katapulta proiektukoek deitu eta ea erakusketa bat jartzea nahi al nuen galdetu zidaten. Ondo iruditu zitzaidan, eta beraiek proposatu zidaten nire herrian, Torre Zurin jartzea. Ideia ona iruditu zitzaidan. Gainera, bere garaian, aspaldi, Torre Zurin jarri nituen pare bat erakusketa edo, baina azkenaldian ez dut halakorik egin. Horregatik, ilusioa egin dit berriz herrian nire lanak erakusteak. 

Zergatik Ibilixen?

Ibilian egin ditudan koadroak direlako; nire ibilbidean sortu diren margolanak dira. Eta izenari -xen gehitu diot amaieran, Azkoitiarekin erlazionatzea nahi nuelako. Gainera, nire koadroetan oso tipikoa da jendea ibiltzen azaltzea; oso koadro urbanoak-eta egin izan ditut, eta ohikoa da jendea pasieran, autoarekin… agertzea. Horrekin guztiarekin lotura duenez, egokia iruditu zitzaidan izenburua. Zabala da ibilixen hitzaren esanahia. 

Zenbat koadro jarri dituzu Torre Zurin?

Hogeita bost. Berezia da erakusketa; izan ere, orain arte ez ditut erakutsi han dauden koadro batzuk. Margolan horiek berriak dira, bai gai aldetik, bai margotzeko moduari dagokionez. Orain arte egiten nituen koadroak oso urbanoak-eta ziren, eta une honetan, horrela tokatu delako edo, pixka bat organikoagoak diren lanak egin ditut; landareekin erlazionatuta daude eta abstrakziora jotzen dute. Lan horietako asko oso koloretsuak dira, eta beste batzuk zuri-beltzean egin ditut. Erakusketan salto hori ikusiko da, diferentzia hori. Baina koadro urbanoak ere badaude ikusgai; ez nuen nahi landareak-eta bakarrik jartzea, nahi nuen nire betiko koadroak ere erakustea. Margolanek gai ezberdinak lantzen dituzten arren, elkarrekin konektatuta daude, koloreei eta beste zenbait ezaugarriri dagokienez. Margolan gehienak berriak dira, eta uste dut jendeari berria egingo zaiola ikusiko duena. 

Jendeak Udanerengandik espero ez duen zerbait aurkituko du Torre Zurin?

Gerta daiteke jendeak pentsatzea: "Hau Udanerena al da?". Gerta daiteke hori, edo ez. Agian, jendeak esango du: "Ezberdina da, baina nabaritzen da Udanerena dela". Ez dakit jendeak nola erreakzionatuko duen. 

Hortaz, aldaketa bat egon da zure ibilbidean, zure koadroen estiloan. Zeren ondorio da aldaketa hori?

Beti aldatzen joaten da lana. Norbera aldatzen doan heinean, koadroak ere aldatzen joaten dira, eta hori behar da, gainera. Ez dakit zergatik etorri zaidan gauza organikoak margotzeko gogo hori; gogoa sentitu dut eta kasu egin diot horri. Esploratzen hasi nintzen, eta gauza berriak sortu ziren; gero, gustatu egin zitzaidan emaitza, eta bide hori jarraitu nuen, pentsatu gabe koadro horiek saltzeko zirela, jendeari gustatu behar zitzaizkiola. Egin ditut eta ez dakit jendeari gustatuko zaizkion ala ez. 

Zure barruari egin diozu kasu, beraz.

Bai. Eta, agian, urte honetan egindako proiektu batean hasi zen dena: Astarbe sagardotegiaren kupel bat margotu nuen, eta orduan hasi nintzen loreekin esperimentatzen. Sagarraren gaia landu behar nuen, eta sagarrondoak-eta egiten hasi nintzen. Beharbada, hortik etor daiteke aldaketa. 

Koadroetako gaiak ez ezik, zure margotzeko modua ere aldatu dela diozu. Nola aldatu da arlo hori?

Lehen baino garrantzi gutxiago eman diot pintzelkadak ondo eta errealista egiteari. Abstrakziorako joera izan dut, eta libreago sentitu naiz azken koadroak margotzerakoan. Orain arte, agian, margolan errealistagoak egiten nituen, eta orain beharra sentitu dut pintzela azkarrago eta solteago mugitzeko. Emaitzari hainbeste inportantzia eman gabe, prozesuan gelditzen saiatu naiz batzuetan: askotan, gauza bat egiten hasi, dagoen bezala polita iruditu, eta horrelaxe utzi dut. Momentu honetan, horixe eskatu dit gorputzak. 

Erakusketako lanen artean, ba al duzu kutunik?

Denak dira nire parte; koadro guztiek dute niretzat istorio bat atzetik, denek ekartzen didate gogora sentimenduren bat. Batekin gelditzea oso-oso zaila da. 

Denak dira zure seme-alabak. 

Bai, hala da. Gainera, berezia izatea nahi nuen erakusketa. Beti egiten ditut berezi erakusketak, baina oraingo honetan, koadro bakoitza oso ondo aukeratu dut. Ez dut betelanik egin. 

Herrian erakutsi dituzulako egin duzu hori? 

Ez dakit. Lanak gustura egin ditudalako, oso gustura nagoelako haietako bakoitzarekin. 

Zer esango zenieke herritarrei?

Joateko lasai erakusketa ikustera. Gainera, egoera honetan, uste dut are gehiago baloratzen ditugula horrelako ekintzak. Gauza asko debekatu dizkigute, eta margolan batzuk ikusgai egotea uste dut eskertzekoa dela.

Uste duzu artea behar beste baloratzen dela herri txikietan?

Nire ibilbidean ikusi dudana kontuan izanda, uste dut jende askok baloratzen duela. Enkarguak-eta egiten dizkidatenak hemen ingurukoak izan ohi dira. Hiri handietan eta saltsa gehiago egongo da, baina artea artea da, eta uste dut gehienek baloratzen dutela. Gustatzen zaionari gustatu egiten zaio eta baloratu egiten du. Nik, oro har, ikusten dudana da jendeak asko preziatzen duela artea, bai Azkoitian, bai inguruan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide