Emozioen bitarteko heziketa, liburuan jasota

Andoni Elduaien 2020ko abe. 5a, 08:00
Etxaniz, libururako marrazkia egiten.

Xabi Etxaniz azkoitiarrak eta Monika Arratibel ataundarrak maiatzean zintzilikatu zuten Interneten 'Laino txiki, egizu negar poliki' izeneko bideo ipuina. Arratibelek bere ikasleentzat ipuin berri bat sortzeko proposamenetik abiatu zen bikotearen proiektua, eta orain liburua da, Erein argitaletxeak kaleratu ondoren. Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da haurrentzako liburua.

Xabier Etxaniz azkoitiarra eta Monika Arratibel ataundarra dira Laino txiki, egizu negar poliki liburuaren egileak. Haurrei zuzendutako liburua da bikoteak osatu duena, 3 eta 6 urte bitartekoentzat baita zehazki. Liburua "ezustean" lortutako emaitza izan zen, Etxanizen hitzetan. Azkoitiarrak lehengusu baten bitartez du lagun Arratibel, eta egun batean ataundarraren proposamena jaso zuela azaldu du. "Bere ikasleentzat ipuin bat bideoz kontatu nahi zuen Arratibelek, eta hau edo beste egingo al nion eskatu zidan. Konfinamenduan geundela hasi ginen zerbait sortzeko asmotan. Aste Santuaren ondoren, sanprudentzioetan edo, biok jaiegunak izan genituen, eta garai hura baliatu genuen proiektuari forma ematen hasteko. Biok bat egingo genuen jokoan hasi ginen", azaldu du Etxanizek. 

Proiekturako ideiak Arratibelen eta bien artean garatu dituzte, baita idazle lanak egin ere. Haurrentzat horren begikoak izan ohi diren marrazkiak, ordea, Etxanizek egin ditu. Egile bikoteak garbi zuen, era batera edo bestera, liburuan "emozioak" landu nahi zituztela. "Arratibeli lehen ilustrazioa eta liburuko lehen esaldia idatzita bidali nizkion. Lehen orriak honakoa dio: 'Bazen behin negar egiten ikasi ez zuen laino bat'. Lainoaren eta euriaren artean egin nahi izan genuen lotura, negarraren emozioari erreferentzia eginez. Lainoak lagunen laguntzarekin emozioa kudeatzen ikasi al duen ere landu dugu", nabarmendu du azkoitiarrak. Emozioak mezuen bitartez eman nahi izan dituzte, gainera. Azkoitiarraren esanetan "negarraren emozioan" dago bereziki zentratuta Laino txiki, egizu negar poliki liburua. "Adierazi nahi izan dugu, ez dugula behar beste negar egiten, edo behintzat, kostatu egiten zaigula negar egitea". Halaber, lagunen garrantziari ere egin diote aipamena azkoitiarrak eta ataundarrak.

Bideotik liburura

Liburu baten sortze prozesuan parte hartu duen lehen aldia izan da Etxanizentzat. "Espero gabe etorri zaigu guztia; uste ez bezala bihurtu da gure lana liburu", adierazi du egile azkoitiarrak. Izan ere, Arratibelen ikasleentzako bideoa egin zuten lehen aldi hartatik, liburu bat argitaratzea lortu dute orain. Etxanizek esan du bideoak "harrera ona" izan duela haurren eta irakasleen artean. "Nik inguruan ez dut 3 eta 6 urte bitarteko haurrik, ez dut inguru horretan lan egiten, eta beraz, nik ez diot difusio handiegirik eman. Arratibelek, ordea, irakasleen zein ingurukoen artean zabaldu du, eta asko gustatu dela dirudi. Bideoa ikusi zutenak liburua non eros zitekeen hasi ziren galdetzen". Une hartan, jakina, bikotearen lana bideoan gelditu zen. Halere, "ustekabean", liburua argitaratzeko proposamena jaso zuten; Erein argitaletxeak kaleratu du Laino txiki, egizu negar poliki liburua.

Etxaniz beti izan da marrazkiak egin zalea, eta "gustura" dago liburua argitaratu izanagatik. Marrazkiekin batera idatzi ere egin du azkoitiarrak, eta ez dio pisurik eman nahi izan bi arloetako inori. "Idaztea gustatzen zait, baita marraztea ere. Haurrei bideratutako liburua argitaratu dugularik, ikusgarriagoak dira marrazkiak. Haur literaturan garrantzia hartzen dute marrazkiek, baina noski, istorioak berak ere erakargarria izan behar du". Etxanizentzat lehen literatura esperientzia izan da, eta azaldu duenez, zaila egin zaio "guztia sortuta dagoenetik atera eta zerbait berezia" garatzea. Marrazkiak egiten ere denbora luzea eman duela azaldu du. "Ilustrazio asko dira, eta lana da horiek egitea; ez dira ti-ta batean egiten. Ez da izan egoera normal batean egindako proiektua; ordu asko pasatu ditut liburua egiten, eta libururako ideiak zein loturak nola sortu pentsatzen".

Bideoan argitaratu zuten hasieran ipuina, Interneten zintzilikatuta.

Durangoko Azokan

Durangoko Azokaren online dendan eskuragarri dago liburua, baina oraindik ez erosteko, baizik eta desioen kutxan sartzeko. Gero, ordea, Durangoko Azokaren webgunean jarriko dute salgai. Monika Arratibel ipuin kontalari moduan ere ibili ohi da, eta bihar, igandea, 11:10ean egingo dute biek liburuaren aurkezpena Durangon (Bizkaia), ipuina bera kontatuz. Durangoko Azokaren streaming bidezko plataforman jarraitu ahal izango da aurkezpena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide