Hasi dira herritarrak erosketa bonuak erosten

Gaur hasi dira Kontzejupean nahiz 'online' erosketa bonuak saltzen. Arratsaldean ere jarriko dute mahaia, 17:00etatik 19:00etara.

Gaur jarri ditu udalak salgai datozen egunetan herriko hainbat saltokitan trukatu ahalko diren erosketa bonuak. 1.000 bonu atera dituzte eta goizean egin bezala, arratsaldean ere, 17:00etatik 19:00etara bitartean Kontzejupean jarriko dute bonuak erosteko mahaia. Dena den, online bidez ere eros daitezke bonuak Azkoitiko Udalaren atariaren bidez edota Dendagoren webgunean sartuta; 500 bonu jarriko dituzte salgai webguneetan. Erosleak izen-abizenak, NAN zenbakia eta telefono zenbakia jakinarazi beharko dituzte bonua erosterakoan.

Bonu bakoitza sektore desberdinetan erabil daitezkeen 10 euroko sei txartelek osatzen dute, eta erosle bakoitzak gehienez bi bonu hartu ahal izango ditu. Bonu bakoitza 40 eurotan eros daiteke, eta gero 60 euroko balio izango du. Kolorearen arabera, 10 euroko txartel bakoitza sektore batean edo bestean trukatu daiteke. "Kontsumoa sektore bakar edo gutxi batzuetan kontzentratzeko arriskua saiheste aldera eta bonuak ahalik eta salgoki gehienetara iristeko", egin du udalak bonuen banaketa modu horretan.

Bonuak merkataritza eta ostalaritzako establezimenduetan eta beste hainbat zerbitzutan erabili daitezke. Bonuak erabiltzeko azken eguna urtarrilaren 5a izango da. Bestalde, txartelak ezingo dira supermerkatu handietan erabili, kanpainan parte hartu duten herriko saltoki txikietan gastatzeko baitira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide