Ainhoa Beristain: "Gure herria beste begi batzuez ikusteko aukera eman dit Maxixatzeneko egutegiak"

Andoni Elduaien 2020ko abe. 4a, 13:36
Ainhoa Beristain argazkilaria, Maxixatzenen egutegia eskuetan duela.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 2021. urteko egutegia egin berri du, eta abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute bazkideek beren etxeetan. Ainhoa Beristainek (Azkoitia, 1987) egin ditu egutegirako argazkiak, eta 'Bideak' gaia hartuta Azkoitiko herriguneko zein beste hamaika txokoetako argazkiak egin ditu teknika desberdinak erabilita. Argazkilariak Maxixatzeni azaldu dionaren arabera, "herria beste begi batzuez ikusteko" balio izan dio egutegian parte hartzeak.

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen 2021. urteko egutegirako argazkiak egin dituzu. Nola hartu zenuen elkartearen deia?

Elkarteko kide baten deia jaso nuen goiz batean, eta Maxixatzenen egutegia egiteko proposamena luzatu zidan; gustura hartu nuen erronka. Gehien bat kontzertuetako argazkiak ateratzen ditut, eta zentzu horretan, asko murriztu da kamera erabiltzeko aukera gaur egungo egoerarekin. Kamera proiektu baterako berriro eskuetan izateko aukera eman dit Maxixatzeneko egutegiak; motibatu egin ninduen deiak.

Zer nolako esperientzia izan da egutegirako argazkiak ateratzea?

Gustura ibili naiz herriko bazterretan bueltaka, herriko txokoen beste begirada bat bilatu nahian. Lagunei eta etxekoei gomendioak eskatuta, ezagutzen ez nituen toki batzuk ezagutzeko aukera izan dut. Asteburuetan, mendiei eta auzoei argazkiak ateratzen ibili naiz, eta astean zehar, herri mailan.

'Bideak' izan da egutegiko argazkiak egiteko gaia. Erraza izan al da gai horri lotura egiteko argazkiak ateratzea?

Hasiera batean pentsatu nuen ez nuela nahikoa ideia, baina, azkenean, argazki dezente gelditu zaizkit egutegian jarri gabe, disko gogorrean pilatuta. Ehunka leku daude Azkoitian argazkia ateratzeko modukoak, izan herrian, auzoetan, mendian edota bide bazterretan. Ibiltzea besterik ez dago hori guztia ikusteko.

Zailtasunik aurkitu al duzu bide horretan?

Zailtasun handiena denbora kudeatzea izan da. Bi aste pasatxo nituen argazkiak nola egin pentsatzeko, ateratzeko eta editatzeko. Hori guztia, goizez Nafarroan lan eginez eta 18:00etarako iluntzen hasten dela kontuan izanda. Asteburuetan, goizak eta arratsaldeak antolatu nituen atera beharreko argazkiak egiteko; astegunetan, berriz, argazki irisgarriagoak egin ditut, ediziorako tartea hartzeko. Bestelakoan, interesgarria izan da bidea. Gure herria beste begi batzuez ikusteko aukera eman dit Maxixatzeneko egutegiak.

Zer erakutsi nahi duzu egutegirako egin dituzun argazkien bitartez?

Argazki bakoitzak zerbait desberdina azaltzen dit niri. Batzuekin, xarma duten herriko leku tipikoak erakutsi nahi izan ditut, Plazaberriko eta Baldako argazkiak esaterako. Azkoitiko bide ezkutuak ere bistaratu nahi izan ditut, ordea; ea herritarrek zein leku diren asmatzen duten. Elosuko eta Aizpurutxoko argazkiekin, berriz, herriaren zati diren auzoei eman nahi izan diet protagonismoa, ikaragarriak baitira Azkoitian herrigunetik kanpo ditugun espazioak. Beste pare bat argazkirekin, ostera, ikuspegi desberdin bat eman nahi izan dut; batean, saihesbideko ibilgailuekin lightpainting teknika erabili dut, eta bestean, Aittolako bidearen beste begirada bat erakutsi nahi izan dut dronarekin. Beste argazki bati, berriz, ukitu pertsonalagoa eman diot. Nire egunerokotasunaren eta bizitzaren parte den Matadeiko argazki bat jarri dut; duela hiru urteko elurtean ateratakoa da.

Inoiz parte hartu al duzu egutegia osatzeko prozesuren batean?

Maxixatzenen duela bi urteko egutegian parte hartu nuen, San Martingo argazki batekin.

Egutegiari probetxua ateratzen dion horietakoa al zara?

Egutegi birtualak daudenetik, gauza "serioak", lanekoak edota medikuarenak kasu, hor idazten ditut, edozein unetan eskuragarri izateko. Egutegi fisikoan aisialdiari lotutako oharrak idaztea gustatzen zait: oporrak, bidaiak, kontzertuak, bazkariak… Gustuko dut etxeko sukaldean egutegia argazkiren batekin izatea. Kafea egiten den bitartean goizero begiratzen diot egutegiari, eta horrela, egunean, astean edota hilabetean ditudan gauzak finkatzen joaten naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide