Euskararen Nazioarteko Eguna eskoletan ospatu dute aurten herriko ikasleek

Eskola bakoitzak bere ekintzak antolatu ditu, eta euskarari eta Euskaraldiari lotutako gaiak landu dituzte hainbat modutan.

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta eguna ospatzeko hainbat ekintza egin dituzte Azkoitiko eskoletan. Aurten, egungo osasun egoeragatik, ikasleek eta irakasleek ez dute herriko plazan biltzerik eta euskara aldarrikatzeko aukerarik izan, eta horregatik, beren eskoletan egin dituzte euskarari lotutako ekitaldiak.

Azkoitia BHIn egin dituzte ekintza goiztiarrenak. Han, Euskaraldiko pegatinak banatu dituzte ikasleen artean, eta Euskararen Egunaz eta Euskaraldiaz hitz egin dute. DBH1eko ikasleek, berriz, bertsoak abestu dituzte bozgorailuetatik; hainbat bideo ere ikusi dituzte egunean zehar.

Bizilore Eskola Aktiboan, bestalde, euskalkien inguruko lanketa egin dute Euskararen Eguna eta Euskaraldia aitzakia hartuta. Ikasleek familiako kideak grabatu dituzte txikitako jolasei buruzko azalpenak beren euskalkian emanez. Bideo horiek ikusiz hasi dute eguna Biziloren, eta euskalkien gainean hitz egin dute gero. Era berean, bakoitzaren herrian erabiltzen diren hitz bereziei buruz hitz egin dute. Euskaraldiko pegatinak ere margotu dituzte, eta hamaiketakoarekin batera, jolasak egin dituzte.

Floreaga Ikastetxean musikarekin girotu dute eguna. Sarrera-irteeretan bozgoragailuen bitartez musika jarri dute. Halaber, Haur Hezkuntzako ikasleek ekitaldia egin dute jolastokian, eta gela bakoitzak gaurko egunerako prestatutako olerkiak, asmakizunak zein abestiak aurkeztu ditu gainontzekoen aurrean. Lehen Hezkuntzako ikasleek, aldiz, aurreko egunetan prestatutako bertsoen inguruko bideoak ikusi dituzte gelaz gela. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek soziolinguistika saioak egin dituzte, eta besteak beste, Euskaraldiaz eta euskaraz hitz egin dute. Euskal kulturari buruzko ginkana ere egin dute gaur ordenagailu bidez. Eskulanean, Ahobizi pegatinak ere margotu dituzte Floreagan, soinean janzteko.

Xabier Munibe Ikastolan ere musikarekin girotu dute Euskararen Nazioarteko Eguna, baina ospakizunak arratsalderako utzi dituzte. Haur Hezkuntzako ikasleei antzezlana eskaini diete Xabier Munibeko bi ikasle ohik. Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, Azkoitiko hitz berezien inguruko Kahoot! erako jolasa egin dute. 6. mailakoek, azkenik, Nerea Arrien idazlearen bisita izan dute beren gelan. Ikasturte honetan Arrienen liburu bat irakurri berri dutelako gonbidatu dute ikastolara idazlea, eta harekin egoteko aukera izan dute ikasleek.

Izarraitz Lanbide Heziketan, aldiz, etxetik ari dira lanean azken egunetan. Bigarren etxealdi baterako prestatzeko, dituzten gabeziak eta hutsuneak atzemateko, simulazioa egiten ari dira baitira aste honetan. Euskaraldiak iraun duen bi asteotan, ordea, Egunean Behin erako joku batean parte hartu dute ikastetxeko kideek. Asteko irabazleek sariak eta guzti jasoko dituzte. Halere, gaur Kahoot! erako jokoa egin dute.

AEKn, azkenik, Euskarazko zazpi hitzik politenak ekimena egin dute ikasleen artean. Aurrena, ikasle bakoitzak euskarazko hitzik gustukoena idatzi du taldean. Gero, beste talde bateko kideek bozketa eginda, taldeak proposatu duen hitzik politena zein den erabaki behar izan dute. Zazpi taldetan gauza bera egin dute, eta 'bihotza', 'eguzkia', 'ama', 'pitxin', 'egurra', 'kuxkuxero' eta 'egunsentia' hitzak hautatu dituzte zazpi hitz politenak bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide