Kasu positibo gehiago zenbatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 3a, 14:33

Azkoitia eremu gorritik eremu laranjara igarotzeko muga-mugan dago. Gaur-gaurkoz 517,14koa da intzidentzia tasa herrian, eta eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra da.

Bost kasu positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian. Herenegun egindako PCR eta antigeno probetan kasurik zenbatu ez zuten arren, atzo beste bost positibo baieztatu zituzten. Eremu gorrian sartuta dago oraindik ere Azkoitia; izan ere intzidentzia tasa 517,14koa da herrian. Hala eta guztiz ere, eta azken egunetako joerari eutsiz gero, datozen egunetan laranja kolorera pasatu daiteke Azkoitia –intzidentzia tasak 500dik beherakoa izan behar du–. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen kopurua 825,76 zen joan den astean, eta 1.162,40 zen duela bi aste. Intzidentzia tasa erdira jaitsi da, beraz hamalau egunetan.

Azken astean hemeretzi kasu positibo detektatu ditu Osasun Sailak Azkoitian egindako PCR eta antigeno probetan. Lehen kasua herrian agertu zenez geroztik, berriz, 739 herritarrek eman dute posibo gaitza atzemateko probaren batean.

Eskualdeko joera

Pixkanaka-pixkanaka, koronabirusa indarra galtzen ari da Urola Kosta eskualdean ere, eta hori baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratu dituen datuek ere. Azkoitiko boste kasuez gain, beste 11 positibo atzeman zituzten Urola Kostako herrietan, herenegun baino bi gehiago dira. Eta intzidentzia tasek beheranzko joerari eutsi diote udalerri guztietan. Aipatzekoa da Orio eremu gorritik atera dela, hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo kopurua 500etik beherakoa delako. Getariakoa ere 500 baino txikiagoa da jada, baina udalerri horrek 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez dute koloreen eskema horretan sartzen. Horrenbestez, gaur, Azkoitia da eskualdeko herri gorri bakarra.

Azkoitian bezala, Zarautzen ere bost kasu atzeman zituzten. Azkoitiko hamabost eguneko intzidentzia tasa altuagoa da Zarauzkoa baino, baina azken zazpi egunotan Zarautzen positibo gehiago baieztatu dituzte Azkoitian baino: 35 izan dira Zarautzen. Dena dela, herenegundik atzora intzidentzia tasa jaitsi egin da Zarautzen, 377,67ko tasatik 364,79ra.

Azpeitia lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta 28 izan dira azken astean atzemandakoak. Hango intzidentzia tasa ere jaisten ari da egunetik egunera: duela bi aste 1.162,40koa zen, duela astebete 664,23koa, eta gaur 391,90ekoa da tasa.

Getarian eta Orion, berriz, positibo bana baieztatu zuten atzo. Horiekin, sei dira azken astean Getarian zenbatu dituztenak, eta 11 dira Orion zenbatutakoak. Bi herrietako intzidentzia tasek beheranzko joerari eutsi diote, eta horren proba da 500eko langa atzean utzi izana. Getarian 491,92 da tasa, eta Orion 412,47.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positiborik atzeman atzo.

Hego Euskal Herrian, positibo gehiago

Atzo 11.246 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 743k positibo eman zuten; horrenbestez, %6,6koa da positibotasun tasa. Herenegungo datuak baino txarragoak dira, bai positibo kopuruari eta baita positibotasun tasari dagokionean ere.

Lurraldeka, Araban bakarrik jaitsi da positibo berrien kopurua, eta Nafarroan ehundik gora baieztatu zituzten atzo.

Dena dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoera zertxobait lasaitzen ari da. Atzo 32 lagun ospitaleratu zituzten, eta, denera, 337 daude erietxean, horietatik 127 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Duela astebete, aldiz, 403 lagun zeuden ospitaleratuta, horietatik 134 ZIUn.

Nafarroan, aldiz, 1.590 proba egin zituzten atzo, eta 111 kasu positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasak gora egin du, beraz, han. Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo baino hemezortzi lagun gutxiago daude erietxeetan ospitaleratuta. Hala eta guztzi ere, 153 lagunek erietxean, horietatik 30 ZIUn eta hamabi etxean ospitaleratuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide