Munategiko biribilgunea egiteko lanak, amaitzear

Andoni Elduaien 2020ko abe. 2a, 16:23
Munategi egin duten biribilgunea.

Uztailean hasi ziren obrak Munategin, eta duela egun gutxi amaitu dituzte lanik handienak. 499.112,56 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Amaitu dituzte Munategiko biribilgunea egiteko lanak. Uztailean hasi zituzten ingurua egokitzeko obrak, eta lanak egin dituzten gunean azken ukituak falta baldin badira ere, normaltasunez gidatu daiteke dagoeneko biribilgunean zehar.

Munategi parean ordu jakinetan sor daitezkeen "auto ilarak saihesteko" eta "puntu beltza" izanik "segurtasuna bermatzeko" egin du proiektua Aldundiak. Biribilgune berriak 42 metroko diametroa du eta hiru adar izango ditu: Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia. Gainera, autobusentzat ere bi geltoki egokituko dituzte. Munategi aurreko baserrietara joateko, berriz, bidea marraztu dute errepidean, eta gunea oinezkoentzat eta txirrindularientzat ere egokituko dute datozen egunetan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko martxoan jakinarazi zuen Basarteko bidegurutzean biribilgunea egingo zuela. Horren haritik, Aldundiko Diputatuen Kontseiluak joan zen ekainean onartu zuen Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Basarte poligonoaren bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua, eta Excavaciones Peru enpresak egin ditu lanok. Obraren aurrekontua 499.112,56 eurokoa izan da, BEZa barne.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide