Mila erosketa bonu jarriko ditu salgai udalak, herriko kontsumoa suspertzeko

Anartz Izagirre 2020ko abe. 2a, 11:17

Ostiraletik aurrera eskuratu ahal izango dira bonuak, aurrez aurre zein online. Bonuak 40 eurotan salduko dituzte, eta 60 euroko balioa izango du bakoitzak. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziaren arabera, kanpainaren helburua da COVID-19ak eragindako inpaktu ekonomikoa arintzen laguntzea.

Hilabete baino gutxiago falta da Gabonetarako, eta Azkoitiko Udalak mila bonu jarriko ditu salgai etzi, ostirala, herriko saltokietan gastatzeko. Bonuak herriko kontsumoa suspertzeko eta merkatariei, ostalariei nahiz zerbitzuen sektoreari COVID-19ak eragindako krisia arintzen laguntzeko izango dira; 40 eurotan salduko dituzte, eta 60 euroko balioa izango du bakoitzak. Beraz, 60.000 euroko negozio-bolumena eragingo du kanpainak.

Ana Azkoitia Ogasun zinegotziaren arabera, kanpaina honen bidez COVID-19ak eragindako inpaktu ekonomikoa arintzen lagundu nahi dute: "Dendarik eta tabernarik gabeko herri bat, mutututako herria da, tristea. Guztiok jar dezakegu gure partetik gure kaleei bizirik eusteko eta gozatzeko. Tamalez, koronabirusari aurre egiteko neurri gogorrak hartzea derrigorrezkoa izan da, salmenten jaitsiera eraginez eta establezimenduak ixtera behartuz. Ezinezkoa da galdutako guztiaren eta kanpainaren artean oreka lortzea, baina uste dut garrantzitsua dela, ez bakarrik salmentengatik, baizik eta herritarrak jabetzeko herrian erosteak duen esanahiaz".

Uda aurretik egindako kanpainan egin zuten moduan, oraingoan ere bonuak sektoreka banatuko dituzte. Erosleek, guztira, bonu baten truke sei txartel jasoko dituzte, eta horietako bakoitzak hamar euroko balioa izango du. Txartel bakoitzak kolore bat izango du, eta sektore konkretu batean gastatu ahal izango da horietako bakoitza. Salbuespena hori kolorea izango duen txartela izango da, elikadura sektorean ez ezik, gainontzeko sektore guztietan erabili ahal izango baita. Kanpainan parte hartu duten saltoki guztiek kartel bat izango dute beren lokalean, erosleek jakin dezaten zein txartel erabil daitekeen establezimendu bakoitzean.

Honako hauek izango dira sei sektoreak:

  • Elikadura, okindegiak, harategiak, arrandegiak, frutategiak, edari dendak, baserriko ekoizleak (azoka).
  • Kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, gozoki-dendak.
  • Moda, oinetakoak, osagaiak, kirol-dendak, mertzeriak, bitxidendak.
  • Ile apaindegiak, estetika, masajeak, dentistak, podologia, optikak, farmaziak, parafarmaziak, drogeriak, lurrindegiak, belar-dendak.
  • Zerbitzuak, kopistegiak, papertegiak, bidaiak, aholkularitza, gasolindegiak, lore dendak, autoeskola, iturgintza, kristaldegia, dekorazioa, burdindegia, eletrogailuak, estankoak, informatika, tindategiak, pentsu-denda, aseguru etxeak, argazki-dendak.
  • Orokorra. Denetan erabili ahalko da elikadura multzokoetan ezik.

Azkoitiaren arabera, bonuak sektoreka banatzearen erabakia Herrixen merkatari elkartearekin hitz egin ostean hartu dute: "Bonua sektoreka banatzeak helburu bakarra du: kontsumoa ez dadila establezimendu bakar edo gutxi batzuetan kontzentratu. Kanpaina dendariei, ostalariei eta zerbitzuei laguntzeko da, eta sektoreka erabiltzearekin batera sektore guztietara iristen da laguntza; bidezkoa dela deritzogu".

Ostiraletik aurrera, salgai

Etzi, ostirala, jarriko dituzte salgai bonuak, eta bi modutan eskuratu ahal izango dira. Batetik, Azkoitiko Udalaren webgunean eta www.dendago.com/azkoitia helbideetan erosi ahal izango dira txartelak; 500 bonu jarriko dituzte salgai sarean, 10:00etatik aurrera. Erosketa egiterakoan NAN zenbakia eta helbidea eman beharko dituzte erabiltzaileek, eta gutun ziurtatu bidez jasoko dituzte dituzte bonuak norberak adierazitako helbidean. Erabiltzaile bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahalko ditu.

Bestetik, ostiralean bertan bonuak eskuratzeko postua jarriko dute Kontzejupean. Goizez, 10:00etatik 13:30era 250 bonu egongo dira eskuragarri; arratsaldez, berriz, beste 250 bonu erosi ahal izango dira 17:00etatik 19:00etara. Erabiltzaile bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahalko ditu, eta NANa eskatuko zaie —erosleek 18 urtetik gorakoak izan beharko dute—.

Txartelak ostiraletik hasi eta urtarrilaren 5era bitartean erabili ahal izango dira, eta erosketek hamar eurotik gorakoak izan beharko dute bonuak erabili ahal izateko. Bestalde, txartelak ezingo dira supermerkatu handietan erabili, kanpainan parte hartu duten saltokietan gastatzeko baitira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide