Ezin hobeto hasi dute Bertso Urtie

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 29a, 10:45

Erniarraitzek antolatuta, bertso saioa egin zuten atzo arratsaldean Elkargunean. Bailarako bertso mugimenduari bultzada emateko abiatu duen egitasmoko lehen saioa izan zen atzokoa, eta herritarrek oso ondo erantzun zuten, bezperarako sarrera guztiak agortuta. Hurrengoa abenduaren 20an izango da Azpeitian, urtero egin ohi duten Txapelen omenezko saioa, eta hara joateko sarrerak ere agortuta daude dagoeneko.

Bertsolariak plazara irteteko gogoz zeuden, eta herritarrak haiek entzuteko zain. Antolatzaileek ez zuten leihatila irekitzeko lanik hartu beharrik izan, bezperarako agortu zirelako sarrera guztiak. Saioaren atarian, ez zegoen gehiago eskatzerik. Iragarrita zegoen moduan, 18:00etan ekin zioten jaialdiari, Elkarguneko areto handienean, beharrezko babes neurri guztiak hartuta. Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso aritu ziren kantari, Ane Ezenarro gai-jartzailearen aginduetara. Saioa bukatu zenean, joan izanaren damurik ez zen nabari ikus-entzuleen aurpegietan.

Erniarraitzek antolatu zuen atzoko bertso saioa, Bertso Urtie egitasmoaren barruan. Egoerak plazaz plaza ibiltzen laguntzen ez duenez, lehen egiten ziren bertso saioen laurdena besterik ez dira egiten orain. Horretaz jabetuta, eta eskualdeko bertso mugimenduaren eragile nagusia den partetik, zerbait egin beharra ikusi du Erniarraitzek, eta Bertso Urtie jarri du martxan. Egitasmo horren barruan, konpromisoa hartu du hilean bertso saio bat antolatzeko elkartea aritzen den bailarako lau herrietan. Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen izango dira saio horiek, txandaka.

Atzo Azkoitian egin zuten saioa izan da Bertso Urtie egitasmoko lehena, eta abenduaren 20an Azpeitian egingo dute bigarrena. Urtero egin ohi duten Txapelen omenezko saioa izango da. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jone Uria, Eli Pagola eta Jokin Uranga bertsolariek parte hartuko dute, eta Maddi Labaka ariko da gai-jartzaile lanetan. Soreasu antzokian izango da saioa, 18:00etan hasita, eta dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide