Foru Aldundiaren aitortza jaso du Izarraitz Lanbide Heziketak, 'Ekonomia zirkularra modelatzen' programa tarteko

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 27a, 18:08

Material birziklatua oinarri hartuta eskulturak diseinatu eta egin dituzte Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako 'Ekonomia zirkularra modelatzen' izeneko programaren barruan. 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 'Ekonomia zirkularra modelatzen' izeneko programaren bigarren edizioa egin du. Egitasmo horretan parte hartu du Izarraitz Lanbide Heziketak, beste hainbat ikastetxerekin batera. Programan parte hartu duten heziguneetako ikasleek material birziklatuekin eskulturak diseinatu eta egin dituzte.

Foru Aldundiak 'Ekonomia zirkularra modelatzen' proiektuan parte hartu duten ikastetxeei diplomak emateko ekitaldia egin du gaur, eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak aitortza egin die egitasmoan beren alea jarri duten ikastetxeei: Izarraitz Lanbide Heziketa, La Salle Berrozpe Ikastetxea, Peñascal S. Koop, Meka Elgoibar, Errenteriako DonBosco eta Aretxabaleta Lanbide Eskola. 

Asensiok aitorpen ekitaldian aipatu du "garrantzitsua" dela gazteak sentsibilizatzea, baliabideak aprobetxatzearen eta garapen zirkular eta iraunkorra bultzatzearen garrantziaz gogoeta egitea: “Funtsezkoa da gazteei lekua eta ahotsa ematea, ekonomia zirkularrari eta garapen jasangarriari buruz duten ikuspegia eman diezaguten". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide