Zozketa

Miren Azkueri egokitu zaio Zuberoako ikastolen kanpainako Ahüzki saskia

Maxixatzen.eus 2020ko aza. 27a, 16:10

Zuberoako Alozeko eta Sohütako ikastolek Ikaskol kanpaina abiatu dute azaroaren 30era bitartean, eta Maxixatzenek saski bat zozkatu du bazkideen artean. Miren Azkueri egokitu zaio saskia.

Atzo, osteguna, itxi zen Zuberoako Alozeko eta Sohütako ikastolek abiatutako Ikaskol kanpainako saskien zozketan parte hartzeko epea. Zuberoako euskara sustatzeko ekimenak Ahüzki saski bat eskaini zion Maxixatzeni, eta hala, bere bazkideen artean zozkatu du hedabide honek otarre hori. Miren Azkue Maxixatzeneko bazkideari egokitu zaio saria.

Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik, euskara hizkuntza gutxiagotua da eta euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek, ez beste inork bermatzen dute transmisioa hori lurralde horretan. 2003. urtetik, Zuberoako Alozeko eta Sohütako ikastolek Gabonetarako saskiak prestatzen dituzte tokiko ekoizpenekin. Iaz, 1.600 saski salduz 17.000 euroko diru laguntza eskuratu zuten.

Zuberoako produktuekin osatutako saskien salmenta kanpaina azaroaren 5ean abiatu zen, eta azaroaren 30era arte luzatuko da. Erosketak online, www.ikaskoli.eus webgunean egin daitezke, eta Urola Kostan lau eskuratze puntu ezarri dituzte: Azkoitian Exposito fruta-denda zaharreko lokalean; Zumaian Forondan eta Herri Eskolan; Zarautzen Salbatore Mitxelena ikastolan; eta Orion, azkenik, Kolon Txiki tabernan.

40 eurotik hasita, hiru saski mota daude aukeran, gustuen arabera: Ahüzki izenekoak txerriki patea, ahate gibel berrosatua, eztia, etxeko bizkotxoa eta ardi gazta erdia hartzen ditu eta 40 euro balio ditu; Irati izenekoak txerriki patea, ahate gibel berrosatua, txahalki xehatua saltsan, eztia, bizkotxoa eta gazta erdia, 55 euroren truke; eta, azkenik, Orhi izeneko saskia dago 70 euroan. Saski horretan ahate gibela, bizkotxo gatzatuak, lukainka lehortua, azafran erreximenta (hori faltako balitz, eztia) eta gazta osoa daude.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide