Ostalaritzako establezimenduei zaborraren eta terrazen tasetan hobariak ezartzea onartu du udalak

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 26a, 16:30
Atzo, asteazkena, egin zuten azaroko udalbatzarra.

Aurtengo laugarren hiruhilekoan ez dute zaborraren tasarik ordaindu beharko, eta azaroan eta abenduan terrazak ezartzeagatik ordaindu zutena itzuli egingo diete.

Pandemiari aurre egiteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezartzea erabaki zuen azaroaren 5ean; horien artean, ostalaritza establezimenduak ixtea. Sektoreak bizi duen egoeraren jakitun, Azkoitiko Udalak erabaki du ostalaritzako establezimenduei hobariak ezartzea zaborraren eta terrazen tasetan. Atzo arratsaldean egin zuten azaroko udalbatzarra, eta han hartu zuten erabakia, Udal Gobernuaren proposamena aho batez onartuta. Horrenbestez, aurtengo laugarren hiruhilekoan ez dute ordaindu beharko zaborrari dagokion tasarik, eta terrazen tasan azaroko eta abenduko partea itzuli egingo diete.

Terrazen urte guztiko tasa ordainketa bakarrean egiten dute ostalaritzako establezimenduek, eta aurtengoa dagoeneko eginda dute. Konfinamendua zela-eta terraza zerbitzurik eman ezin zuten tarteari zegokion parterik ez zien kobratu udalak, horrenbestez, iaz baino %20 gutxiago ordaindu dute aurten. Orain, aurreratutako diru horren zati bat itzuli egingo die udalak, azaroko eta abenduko partea, hain zuzen.

Oñartxo zabortegi zaharrean lixibiatuen tratamendu zerbitzua ordaintzeko datozen bi urteetarako onartu beharreko diru partidez ere jardun zuten atzoko bilkuran. Azkoitia Lantzen arduratzen da udalak urtero egin behar izaten duen 95.000 euroko orainketaz. Eta datorren bi urteetako aurrekontuetara Azkoitia Lantzenentzat urtean 95.000 euroko partida bat sartzea onartu zuten atzo. Azkoitia Bai-ko ordezkari Jose Joakin Etxanizek eta EH Bilduko Iraitz Otañok gaitzetsi egin zuten Azkoitiko Udalak urtero dirutza hori jarri beharra.

Horrez gain, herriko argiteria aldatu eta LED argiak jartzeko udalak Europari eskatu dizkion diru laguntzez hitz egiten zuten. Diru laguntza horiek eskuratu ahal izateko, udalak frogatu behar du argiteria aldatzeko benetako intentzioa duela, aurrekontuen zati bat horretarako gordeta. Argiteria aldatzea 975.000 euro kostatuko dela aurreikusten du udalak, eta 2022rako horren erdia ordaintzeko adina diru gordeta izan beharko du. Dagoeneko 200.000 euro konprometituta ditu, eta atzoko udalbatzarrean onartu zuten datozen bi urteetan gainontzekoa jartzea: 100.000 euro 2021ean, eta 187.000 euro 2022an. Azkoitiko Udalak 2022ko abenduaren 31 baino lehen aldatu beharko du herriko argiteria.

Datorren urteko taxi tarifak bere horretan uzteko Agitax Gipuzkoako taxi gidarien elkarteak egindako eskaera ere aztertu zuten atzo, eta baita onartu ere. 

Azkenik, hiru mozio aztertu zituzten. Horietako bi ziren Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren ingurukoak; bata EH Bilduk aurkeztu zuen, eta bestea, Eudelena, Udal Gbernuak. Udalak aurkeztutako aurrera egin zuen, baina EH Bildurenak ez, ez zuelako nahikoa babes erdietsi.

Hirugarrena, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira aurkeztu zuten, baita aho batez onartu ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide