Udane Juaristik 'Ibilixen' erakusketa irekiko du Torrezurin, ostegunean

Andoni Elduaien 2020ko aza. 29a, 09:00
Udane Juaristi, margotzen. (Argazkia: Katapulta)

Margolari azkoitiarraren erakusketa abenduaren 4tik 20ra arte egongo da zabalik.

Udane Juaristi margolari azkoitiarrak Ibilixen izeneko pintura erakusketa zabalduko du Torrezurin. Abenduaren 4tik 20ra bitartean egongo dira irekita erakustokiko ateak. Pintura, collagea eta transfer teknika nahastuta, bere estilo propioa aurkitu zuen azkoitiarrak, izaera urbanoko koadroak sortuz.

2018. urtetik gaur arte egindako artelanen aukeraketa aurkeztuko du Juaristik, Azkoitian. Bere lanetako pintura bilakaera ikusi ahal izango erakusketan, obra urbanoetako garaietatik hasi eta egungo obra organiko berrienetaraino. Katapulta plataformak sustatuko du erakusketa, Torrezuriren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Astelehenetik ostegunera bitartean, 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita Torrezuri; ostiraletan eta larunbatetan, goizez, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Igandeetan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara egongo da irekita aretoa.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide