Maxixatzenen zozketak

Gaur itxiko da Zuberoako ikastolen kanpainako zozketan parte hartzeko epea

Maxixatzen.eus 2020ko aza. 26a, 08:27

Zuberoako Alozeko eta Sohütako ikastolek Ikaskol kanpaina abiatu dute azaroaren 3oera bitartean, bertako ekoizleen produktuez osatutako saskiak salduz hango ikastolak laguntzeko.

Gaur, osteguna, itxiko da Zuberoako Alozeko eta Sohütako ikastolek abiatutako Ikaskol kanpainako saskien zozketan parte hartzeko epea. Zuberoako euskara sustatzeko ekimenak Ahüzki saski bat eskaini dio Maxixatzeni, eta hala, bere bazkideen artean zozkatuko du hedabide honek otarra. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute 'Ikaskoli' gaia jarrita. Horrez gain, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte bazkideek; gaur gauerdira arteko epea dute horretarako bazkideek. Bihar, ostirala, jakinaraziko du Maxixatzenek irabazlearen izena.

Zuberoako ikastolen kanpaina

Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik, euskara hizkuntza gutxiagotua da eta euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek, ez beste inork bermatzen dute transmisioa hori lurralde horretan. 2003. urtetik, Zuberoako Alozeko eta Sohütako ikastolek Gabonetarako saskiak prestatzen dituzte tokiko ekoizpenekin. Iaz, 1.600 saski salduz 17.000 euroko diru laguntza eskuratu zuten.

Zuberoako produktuekin osatutako saskien salmenta kanpaina azaroaren 5ean abiatu zen, eta azaroaren 30era arte luzatuko da. Erosketak online, www.ikaskoli.eus webgunean egin daitezke, eta Urola Kostan lau eskuratze puntu ezarri dituzte: Azkoitian Exposito fruta-denda zaharreko lokalean; Zumaian Forondan eta Herri Eskolan; Zarautzen Salbatore Mitxelena ikastolan; eta Orion, azkenik, Kolon Txiki tabernan.

40 eurotik hasita, hiru saski mota daude aukeran, gustuen arabera: Ahüzki izenekoak txerriki patea, ahate gibel berrosatua, eztia, etxeko bizkotxoa eta ardi gazta erdia hartzen ditu eta 40 euro balio ditu; Irati izenekoak txerriki patea, ahate gibel berrosatua, txahalki xehatua saltsan, eztia, bizkotxoa eta gazta erdia, 55 euroren truke; eta, azkenik, Orhi izeneko saskia dago 70 euroan. Saski horretan ahate gibela, bizkotxo gatzatuak, lukainka lehortua, azafran erreximenta (hori faltako balitz, eztia) eta gazta osoa daude.

Saskiez nahiz proeiktuaz beraz informazio osatuagoa nahi duenak ikaskoli.eus webgunera jo dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide