Klik!

Azkoitiko makarroiak

Andoni Elduaien 2020ko abe. 7a, 10:08

Azkoitian gutizia asko dastatu daitezke, baina bada herritarren artean xarma berezia duen gozo bat: Azkoitiko makarroia. Presaldeko Esteban Etxaniz gozogileak sortu zuen pasta. Hasieran, osagai nagusia kokoa bazen ere, haren gabeziagatik almendra erabiltzen hasi ziren Presalde gozotegian. Modu horretan lortu zuten duela hamarkada askotatik Azkoitian eta inguruan horren berezia egin den makarroia. Gozoa nola egiten duten bertatik bertara ezagutu nahi izan du Maxixatzenek.

1) Osagaiak nahastu

Makarroia egiten hasteko, Presaldeko gozogileak azukrea eta almendra aleak osorik nahastu ditu ontzi batean. Gero, ur pixka bat gehitu du ontzira; ez gehiegi. Gozogilearen esanetan, egunean 160 bat makarroi egiten dituzte gozotegirako. Horretarako, kilo eta erdi almendra eta beste horrenbeste azukre erabili ohi ditu.

2) Nahaskia birringailura

Almendrak, azukrea eta ura ondo nahastutakoan, nahaskia birringailutik pasatu du gozogileak. Ondoren, bigarren aldiz birrinditu ditu, makarroia egiteko orea xeheagoa izateko.

3) Arrautzak irabiatu

Nahaskia birrindu bitartean, 400 ml arrautza zuringo irabiagailuan nahastu ditu Presaldeko langileak, elurpuntura iritsi arte.

4) Guztia nahastu

Nahaskia birringailutik ateratakoan, beste ontzi batean jarri du gozogileak. Segidan, elur-puntuan jarritako arrautza zuringoa gehitu dio nahaskiari.

5) Orea, eginda

Guztia ondo nahastu du gozogileak, eta horrela makarroia egiteko behar den orea edo masa egitea lortu du.

6) Laberako prestatu

Ondoren, erretilu bat prestatu du gozogileak, eta haren gainean hasi da makarroia izango denaren orea puntuz puntu zabaltzen pastelak egiteko mahukarekin.

7) Erretilua labera

Behin lan hori eginda, gozogileak erretilua labean sartu du. 205-210ºC-tan berotu behar da labea, eta 15-20 minutuan barruan eduki behar dela azaldu du gozogileak. Denboraren erdia pasatu denean, gozogileak bira eman dio erretiluari.

8) Makarroiak dendara

Labetik ateratakoan, gozogileak Presalde dendara eraman ditu makarroiak, han herritarrei saltzeko. Gozatzeko unea heldu da, beraz. On egin!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide