Erretratua

Udane Juaristi: "Barrutik irtendako gogoari kasu eginez osatzen ditut artelanak"

Nerea Uranga 2020ko abe. 22a, 08:20
Gorka LarraƱagak Udane Juaristiri egindako marrazkia.

Azaroko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Erretratua'. Bere kasa ekin zion Udane Juaristik (Azkoitia, 1985) marrazteari, umetan. Arte Ederrak ikasi zituen gero, eta arte diziplina desberdinak ikasi eta deskubritu zituen han. Gogoak zer eskatu hori islatzen du bere margolanetan. Kaleko bizia eta mugimendua maite ditu; azkenaldian, baina, “aldaketa bat” izan du haren gogoak, eta landare “abstraktuak” margotzen ere ari da.

Barrenetik sortutako gogoari erantzunez margotzen du Udane Juaristik (Azkoitia, 1985). Hala hasi zen jardun horretan, umetan. "Haurra nintzela etxean aritzen nintzen marrazten, neure kasa. Jostailu guztiak ere sormenari eta muntaketari lotutakoak nituen; esaterako, Lego izugarri gustatzen zitzaidan. Gure amak ere bere kasa margotzen jarduten zuen etxean, harekin ere askotan marrazten nuen eta izugarri entretenitzen nintzen. Azkenean, berez datorren gauza bat da margotzearena", esanez gogoratu ditu hastapenak Juaristik. Unibertsitatera Arte Ederrak ikastera joan zenean, teknika asko ikasi zituela dio: "Mundiala izan zen! Ordura arte sekula ez nintzen ikastaro bakar batera ere joan, eta zientzia adarreko batxilergoa egin nuen. Arte Ederrak ikasiko nituela argi izan nuen beti, ordea. Han pintura, eskultura… deskubritu nituen".

Lanerako tailerra Urrategi auzoan dauka Juaristik; naturaz inguratuta, herrigunetik kanpo. Haren lan askotan, baina, bestelako paisaia bat ageri da: urbanoa. Hirietako biziak, mugimenduak… inspiratu egiten duela aitortu du margolariak. "Ni neu herrikoa izanda, toki desberdinetara joateak eta leku berriak ezagutzeak asko erakartzen naute: mugimendua, horma zaharrak, autoak, tranbiak, bizikletak, jendea... gustatzen zaizkit. Izan daiteke ez daukagun hori bilatzen dugula. Beti gustatu izan zait paisaia urbano hori; azkenean, barrutik irteten zait, eta horri egin behar zaio kasu".

Garai bateko Juaristiren margolanetan "tipikoa" zen bizikleta bat horma baten kontra aparkatuta ikustea. Geroko koadroetan mugimendua eransten joan da margolan barruko objektuei, hala nola bizikletei, tranbiei, autoei, jendeari… "Orain, esaterako, hiriko bizitza azaltzen da koadroetan, baina eszena zabalago jasotzen dut, pertsonak eta ageri ohi dira. Asko margotzen dut jendea mugimenduan eta arropan ere arreta jartzen dut. Motxileroak dira nire koadroetako pertsonaia asko, motxiladunak, alegia".

Bere obrak aldaketa bat ere izan du oraintsu, hilaren 20ra bitartean Azkoitiko Torre Zurin egongo den erakusketan ezagutzeko aukera izango da hori. "Egiten ari naizen lore abstraktuak erakutsiko ditut bertan lehenengo aldiz. Dezenteko aldaketa egin dut lan horietan, barrutik irtendako gogo horri kasu eginez atera dira lan berri hauek ere". Sagardotegi baterako egindako lan bati lotuta heldu zion landareen inguruko obrak egiteari, honela kontatu du: "Sagardotegi baterako upel bat margotu nuen. Lan hartarako sagarraren landarea egiten-eta hasi nintzen. Gustura aritu nintzen. Konfinamenduaren ostean, berriz, landare abstraktuak egiteko gogoa sentitu nuen". Paisaia urbanoak margotzeari, baina, ez dio utzi; bietatik egiten ditu. Gogoak zer agindu hari heltzen dio, barreneko koloretako pintzeladak azaleratuz.

Lanerako kolore guztiak dira inportanteak Juaristirentzako; kolore denek dute beren lekua haren koadroetan. "Bat aukeratzekotan arrosa fuksia esango nuke, asko erabili izan dudalako. Dena den, orain berdea ere gehiago sartzen ari naiz koadroetan. Kolore denek dute beren inportantzia; zuri-beltzean jardutea ere gogoko dut". Kolore dantzarekin osatzen ditu artelanak.

Ohiko pintura moldea landu zuen Juaristik aurreneko koadroetan, baina, ondoren, teknika mistoa landu du batik bat. "Arte Ederrak ikasten ari nintzela, lehenengo oleoa hasi nintzen lantzen. Gero, teknika desberdinak ikasi genituen unibertsitatean: collagea, transferra (asko erabiltzen dudana)… Pintura eta transferra nahastea asko gustatu zitzaidala uste dut, eta bide hori jarraitu dut urte askotan. Azken boladan, berriz, gehiago gerturatu naiz pinturaren alderdira; pintura akrilikoarekin jardun dut".

Edukia, koloreak eta egiteko moduak barruko gogoak agindutako eran erabili izan ditu margolari azkoitiarrak bere lanean. Barrutik kanpora azaleratzeko garaian, euskarri edota azalera desberdinetan egin ditu artelanak: mihiseetan, hormetan, egurrean… Kaleko hormak koloreztatzea ere gogoko du Juaristik. "Asko gustatzen zait kalean margotzea. Kasu gehienetan, koadro bat etxe batean edota toki pribatu batean gelditzen da. Kalean murala egindakoan, berriz, handik pasatzen diren guztiek ikusten dute lan hori; horrek asebetetzen nau ni. Kalean noala muralak ikustea asko gustatzen zait niri, eta iruditzen zait jendeak ere modu berdinean estimatuko duela aukera hori. Esaterako, Baionan horma-irudien jaialdi bat egiten dute, eta hirian zehar mural piloa dago. Kaleko lan horien mapa bat dute osatuta, eta jendeak gida hori hartu eta ibilbidea egiten du hirian zehar muralak ikusiz. Aire libreko erakustokiak dira eta ederra da hori. Gainera, sekula ez dakizu lan hori zeinek ikusiko duen".

Juaristik 2019ko irailean Oviedon (Asturias, Espainia) margotutako horma irudi bat munduko ehun onenen zerrendan sartu zuen kaleko artean espezializatutako Street Art 360 atariak. Beste hainbat txokotan ere ikusgai daude azkoitarraren lanak, hala nola Azkoitiko azoka plazan, Hendaian (Lapurdi), Baionan, Donostian, Azpeitian (nahiz eta pribatuak izan, kalera eramaten dutenak), Lekunberrin (Nafarroa), Nafarroa Beherean, Bartzelonan, Madrilen… Nonahiko ateak zabaltzeko aukera ederra dira horma irudiak, lana ezagutarazteko leihoak: "Horma irudi bat egiten duzunean, horrek beste bat egiteko bidea errazten du. Kalean, aire zabalean egindako lan horiek, batik bat enkarguz egindakoak izaten dira: jaialdi baten barrukoak edota udal batek eskatutakoak".

Tamaina handiko artelanak egitea gustuko du Juaristik, baina txikiek ere badute beren abantaila. "Handiek ikuslea barruan sartzeko aukera ematen dute, lan handia eskatzen dute, ordea; asko nekatzen da horiek sortzen, lan fisikoa ere izaten da eta. Azkenaldian, tamaina txikiko lanak ere oso gustura egiten ditut. Lanak saldu ere egin behar dira, eta jendeari erosteko aukera gehiago eskaintzen zaio formatu txikian".

Libre jardutea dute gustuko artista gehienek, Juaristiren ustez;"libre egindakoa beti askoz ederragoa da". Gogoak aginduta aritzen da pintore azkoitiarra pintzelekin koloretako arrastoak egiten, bateko zein besteko bazterrak erakusteko, bizipenak gogorarazteko edota barrenak mugiarazteko. Berdez, arrosa fuksiaz, horiz, laranjaz… nahiz zuri eta beltzean azalera desberdinei bizia ematen jarraituko du, pintzelkadaz pintzelkada.

Motzean

Jaiotza urtea: 1985.

Ikasketak: Arte Ederrak.

Lanbidea: margolaria.

Pintorea izango ez banintz… Arotza igoal, sukaldaria…

Pintzelak uzten dituzunean zer egitea duzu gogoko… txakurrarekin perretxikotara joatea eta lagunekin irtetea, bidaiatzea eta leku berriak deskubritzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide