Jon Garate: "Neure buruari eman diot orain arteko saririk potoloena"

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 6a, 09:00
Jon Garate 'Misille'.

Jon Garate (Azkoitia, 1979) izena du, baina Joni Missille gisa askoz ezagunagoa da. Loteria saltzailea da, eta herriko plaza du lantoki. Bere lanbidea gustatzen zaio, baina baditu beste zaletasun batzuk ere; handienak, musika entzutea eta bizikletan ibiltzea.

Nondik datorkizu 'Joni Missille' ezizena?

Etsaiak musika taldekoekin ibiltzen hasi nintzenean, hango abeslariari eskatu nion ezizena jartzeko, eta horixe jarri zidan. Gustukoa dut; nor naizen galdetzen didatenean, ‘Joni Missille’ erantzuten dut.

Loteria saltzailea zara. Noiztik?

Hamabost bat urte izango dira honetan hasi nintzela.

Zer moduzko lana da?

Ez dago gaizki. Eguraldi txarrarekin lan gogorra da; baina eguraldi onarekin, ederra. Jendearekin egoteko aukera ematen dit, eta hori asko gustatzen zait.

Plazan egoten zara. Ez da leku txarra izango herriko kontuak jakiteko eta?

Ez, horretarako oso leku ona, denak hementxe bueltan ibiltzen dira eta.

Sekula eman al duzu sari potolorik?

Bai, behin, eta neure buruari eman nion gainera; beno, neure buruari eta beste lau laguni. Bostok jokatu ohi dugu beti, eta 100.000 euroko saria egokitu zitzaigun. Ederra izan zen!

Herrian zeini emango zenioke gustura saria?

Beharra duenari.

Pandemiak zuri ere eragingo zizun. Zertan?

Lanik gabe egon naiz ni ere, aldi baterako lan erregulazioan. Berriz hasi naizenean, kostatu zait martxa hartzea. Eskerrak betiko bezeroei; horiek ez dute hutsik egiten.

Lanean entzungailuak jantzita egoten zara. Zer entzuten duzu, irratia ala musika?

Bietatik, baina goizetan irratia entzutea gustatzen zait; egunero, 05:00etan, irratira hots egiten dut kantu bat eskatzeko.

Ohitura hori ez duzu berria…

Ez. Garai batean larunbatero hots egiten nuen Euskadi Gazteara; orain, berriz, Euskadi Irratiko Argi ibili irratsaiora hots egiten dut goizero.

Euskadi Gazteatik Euskadi Irratira pasatu zara beraz…

Adinaren kontuak izango dira…

Etsaiak taldearen jarraitzaile sutsua izandakoa zara. Nolatan egin zenuen halako harremana haiekin?

Hemen ezagutu nituen, kontzertu batean, eta handik aurrera beraiekin mugitzen hasi nitzen, asteburuero hara eta hona. Leku eta jende asko ezagutu dut haiei esker.

'Groupie' bat baino gehiago zinen orduan…

Bai, bai, taldekide bat gehiago nintzen, eta nire zereginak nituen: muntatzen laguntzen nien, abestien zerrenda prestatzen… Gerora, adarra ere jo izan nuen Pin Pan Pun taldearen emanaldietan eta diskoetako batean.

Pena ederra hartuko zenuen Etsaiakek jotzeari utzi zionean…

Kristorena! Orain berriz hasi dira, baina ez da gauza bera.

Kuban eta dena egona zara haiekin, ezta?

Kuban egon nintzen Pin Pan Pun taldekoekin. Etsaiak banandu zirenean, taldekide bakoitzak bere aldetik jo zuen, eta Auok, Etsaiakeko abeslaria zenak, Pin Pan Pun taldea sortu zuen. Haiekin gelditu nintzen ni eta haiekin joan nintzen Kubara ere, 2003an.

Zer moduko esperientzia izan zen hura?

Latza! Hango elkarte batek gonbidatuta joan ginen, eta erregeen pare tratatu gintuzten.

Eusten al diozu haiekin zenuen harremanari?

Bai, oraindik ere asko egoten naiz haiekin; ni euren etxean egona naiz, eta beraiek nirean ere bai.

Zer musika mota entzuten duzu orain?

Betiko taldeak entzuten ditu: Etsaiak, RIP…

Kontzertuetara-eta joaten al zara oraindik?

Ezkondu nintzenetik gutxi, orain bizitza lasaiagoa daramat.

Bizikletan ibiltzea ere asko gustatzen zaizu. Non ibiltzen zara?

Hemen inguruan ibiltzen naiz; normalean bidegorrian, eta tarteka Aittola aldera ere joaten naiz.

Betetzeko duzun ametsen bat?

New Yorkera joatea. Aurten ginen joatekoak, baina pandemiagatik joan gabe gelditu gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide