Atzera begira

Ehun urteko memoria bizirik

Olaia Juaristi 2020ko aza. 26a, 08:00
Javier Azpitarte Usin 'Imuntzo'. 100 urte bete ditu gaur.

Bizkargi Dorrean jaio zen Jose Javier Azpitarte Usin Imuntzo 1920an, eta bera zen zazpi anai-arrebetan nagusiena. Aita Imuntzo baserrikoa eta ama Agarreberrikoa zituen. Gaur, azaroak 26, 100 urte bete ditu.

Kalean bizi arren, baserri baten antzeko etxea zela dio: "Ur korronterik ez genuen, ezta komunik ere, beheko sua sukaldean; justu-justu bonbilla bat izaten genuen sukaldean, argi askorik egiten ez zuena".

Umetan etxe inguruko lagunekin jolasten zuen: "Ume asko ibiltzen ginen Guardia kalean; pentsa, gure dorre berean beste hamabost familia bizi ziren umeekin, eta etxe alboko Miserikordian ere umezurtz asko egoten ziren. Mutil denok batera ibiltzen ginen jolasean: saltaka, lapurka, txirringalarekin –alanbrearekin aro bat ematen–, erremotarekin, intxaurrak hormako zuloetan sartzen...". Neskak eta mutilak aparte ibiltzen ziren jolasean. "Neskek soka-dantzan, txintxerrinean eta tortolosarekin –arkumearen artikulazioetako hezurtxoak– jolasten zuten. Gustura bizi ginen umetan. Jateko gutxi zegoen, baina lau librako ogiarekin betetzen ginen".

Helduago zirenean, bizikletan ibili nahi izaten zuten, baina norbere bizikleta gutxi batzuk bakarrik zuten. Alokairuan egoten ziren bizikletak. Azkoitian ordu laurdena ibiltzeko aukera egoten zen, 25 zentimo ordainduta. Azpeitian, aldiz, arratsalde osoan ibiltzeko aukera zegoen bi pezeta ordainduta. "Behin, Azpeitira oinez joan, bizikleta hartu eta Azkaratera joan ginen hiru lagun. Pinoi handikoa tokatu zitzaidan niri, eta besteek oinez igotzen zuten bitartean, pinoi txikiagoa zutelako; nik bizikleta gainean igotzea lortu nuen mendatea. Handik jaistean, berriro Azpeitira joan, bizikleta utzi eta Azkoitira oinez itzuli ginen". Bestalde, pilotan ere asko jarduten zuten bere gazte denboran, Goiko Losan eta Kontzejupean. "Pilotari profesional askok irteten zuten orduan, gerora gutxitzen joan ziren, eta azkenerako, azpeitiarrak gu baino hobeak izatera iritsi dira".

Lagunekin pilotan Itziarren (Gipuzkoa), 1960. urtean.

Dena ez zen aisialdia izan, ordea, Azpitarterentzat. 3 urterekin hasita, zazpi urtez egon zen Miserikordian ikasten, eta handik La Salleko fraideen eskolara joan zen Floreagara. Eskola hartan mutilak bakarrik ibiltzen ziren. Idazteko makinarik ez zen, eta idazketa –kaligrafia– lantzen zuten eskolan batez ere, inoizko denboran bulegoan lanean jarduteko. "Letra ederra egiten genuen". Gerora, fraide horiek Floreagatik bidali egin zituzten, baldintzaren bat ez zutela betetzen aitzakia hartuta. Izan ere, Azkoitiko Udalak salestarrak ekartzeko gogoa zuen, haiek "Artes y oficios" irakasten zutelako. Ondorioz, guraso batzuk elkar hartu eta beraiek ordainduta herrian eskolak jartzea adostu zuten La Salleko fraideekin. Julio Urkixon, Guardia kalean eta eliza atzeko kantzelean banatuta, guztira, zazpi gela egon ziren herrian gurasoek kudeatuta.

Udalak ez zuen lortu salestarrak ekartzea eta, denbora batera, Granadatik (Andaluzia, Espainia) ekarri zituzten Ave Mariako maisuak –"maisu beltxak"–. Pare bat urtean egon ziren haiek, gerra hasi zen arte. 1937. urtean edo etorri ziren salestarrak eta hamar bat urte egon ziren haiek; baldintza kaskarrak zituztelako alde egin zuten. Frankotarrak sartu zirenean, berriz, Merzedarioak etorri ziren herrian irakastera.

14 urterekin, ikasketak bukatuta, Bilboko La Salleko fraideen eskolara joan zen morroi, eta bertan ikasturte bat egin zuen. "Hilero dirua irabazten nuen etxera eramateko, eta nik bertan jaten nuen. Etxerako sekulako laguntza izan zen nik han irabazitako diru hura”. Uztailean, ordea, gerra hasi zen, eta handik etxera bidali zuten.

Javier Azpitarte bere arrebarekin.

Umetatik lanean

Goiz hasi zen lanean Azpitarte. Bere amak etxean abarketak josten zituen, eta 10 urterekin hari laguntzen hasi zen abarketen atzeko zatia josiz aurrena eta gero zorua josten –txortan–. “Alpargata asko egin behar izaten genituen eta azkar gainera, diru gehiago lortzeko”. 18 urterekin, berriz, soldadutzara joan zen, eta bost urte egin zituen han. “Lehendabizi hiru urte eta erdi egin nituen. Neure ustetan lizentziatuta itzuli banintzen ere etxera, handik lau hilabetetara berriz deitu zidaten soldadutzara, Afrikan ingelesen eta frantsesen lehorreratzea egon zelako, eta beste urte eta erdi egin behar izan nuen. Errepideak egiten aritzen ginen; Lezotik Lesakarako bidea egiten jardun genuen”.

Soldadutzan, Logroñon (Errioxa, Espainia), 1939. urtean.

“1941ean, gure aitak etxe alboko lursail bat alokatu zuen, eta familiak lan asko egin behar izan zuen aitzurrean eta abar. Artoa, baba... izaten genuen lan asko eginda, eta horri esker guk ez genuen goserik izan etxean. 1956ra arte, errazionamenduan ematen zuten apurrarekin bizi ziren gehienak. Ogi zati bat, litro baten hiru laurden olio, kilo bat garbantzu, lenteja edo babarrun, arraina... hil guztirako hori banatzen zuten pertsona bakoitzeko. Gerora, poliki-poliki, patata hasi ziren ematen eta pixkanaka egoera leundu zen. Hasieran, sekulako gosea egon zen herrian. Ogia, esaterako, zazpi pezetan saltzen zuten estraperloan, eta lantegian egun batean sei pezeta inguru irabazten ziren. Atera kontuak! Bestalde, oiloak ere eduki genituen. Eskolatik irten eta oiloei janaria eramatera joaten nintzen Txintxilo inguruan genuen txabolara. Orduan, goiz iluntzen zuen neguan, 17:00etarako ilunduta egoten zen, eta antxintxika joaten nintzen 13 urterekin oiloei jaten ematera. Egunero egin behar izaten nuen hori".

1948-1949 inguruan, Alaska izeneko izotz lantegia jarri zuten Azkoitian. Guardia kalean zegoen, Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan. Hamabi orduan egiten zen izotza, eta hura zaintzen egoten zen bitartean, liburuak irakurtzen egoten zen Azpitarte.

Gerora, etxe ondoko Alberdi lantegian abarketentzako gaiak egiten jardun zuen Imuntzok. Kotoizko oihalak eta zakuak egiten zituzten han. 1968an erre egin zen lantegia, eta handik aurrera altzariak egiteari ekin zion.

Langabezian geratu zen hainbat herritar eta Gizarte Segurantzaren bitartez (PPO) udalak ikastaroak antolatu zituen, Danona lantegiaren laguntzarekin. Hasieran, landutako altzari dotoreak egin zituzten, baina konturatu ziren denbora gehiegi pasatzen zutela haiek egiten, eta ez zutela etekinik lortzen. Orduan, literak egiten hasi ziren, eta Ipar Ameriketara bidaltzen zituzten. Behin, bidalketa bat egin ondoren bueltan ez zuten dirurik jaso, eta aurrera ez jarraitzea erabaki zuten. Azkenean, beren egur lantegia sortu zuten: Gurola. Han hartu zuen erretiroa Azpitartek, 62 urte eta erdirekin.

Uholdea lantegiraino

1953. urteko uholdea izan zenean, Alberdi lantegian zegoen lanean Azpitarte. "Handia izan zen", gogoratu du. "Euria hasi zen; ez zuen zaparrada handirik egin, baina etenik gabe jarraitzen zuen euriak. Ni lanean nengoen, eta lankideok komuneko leihotik ibaira begira egon ginen. Gora etorri behar zuela ematen zuen, eta, badaezpada, lantegiko materiala gora jasotzen jardun genuen, urak ez harrapatzeko. Azkenean, ordea, lantegi barruraino sartu zen ura, eta etxera joan ezinda geratu ginen urak harrapatuta. Han igaro genuen gau osoa, beldurrez. Etxea bertan eduki arren, ezin nuen joan. Urak baretu zirenean irten ginen, eta esan ziguten autobusean itota hogei hildako izan zirela Iraetan, haietako bost azkoitiarrak ziren”.

Trebea irratiak konpontzen

Alberdi lantegia erre zenean, "radio-television" izeneko ikastaroa egin zuen Azpitartek. Ordurako irratiak muntatzeko beste ikastaro bat ere egina zuen, 16 urterekin. "Betidanik gustatu izan zait irratiak muntatzea eta konpontzea; neure kasa ikasi nuen. Abarketak egiten nituen bitartean, irratiko urrutiko ikasketak egin nituen. Bartzelonatik ehun bat koaderno eta materiala bidali zizkidaten. Horrela, behin, New Yorkeko irratia entzutea lortu nuen lanpara bateko irrati sinple batekin. Sekulako lorpena izan zen niretzat. Lan asko eta diru gutxi lortzen nuen, baina gustuko nuen".

Bestalde, 1958an, Baztartxo zinema aretoa eraiki zutenean, bera izan zen lehenengoa filmak botatzen. Hamahiru urte inguru egin zituen han. "Filma bakoitza bost karretetan banatuta eta zaku batean sartuta etortzen zen. Halako zaku batek hogei kilo pisatzen zituen. Zinten hasierak non zeuden ikusi eta elkarrekin itsatsi behar izaten ziren. Bi elektrodoren arteko suarekin lortzen zen filma botatzeko argia, eta hura tarte jakin batekin manten zedin, zaintzen egon behar izaten zen filmak irauten zuen bitartean; bestela, ikus-entzuleak txistuka hasten ziren pantaila iluntzen hasten bazen". Lan horretan aritu zen Alberdi lantegian lan egiten zuen bitartean. Bi lanak uztartzen zituen.

Bera gaztea zenean, hamabost zentimo ordaintzen zen zinema. Olinpia antzokian eta Kale Nagusiko sindikatuko zineman botatzen zituzten filmak. "Sindikatuan oihal bat jartzen zuten erdian. Alde batekoek, ondo ikusten zutenek, hamar zentimo ordaintzen zuten eta beste aldekoek, letrak alderantziz ikusten zituztenek, erdia. Zinema mutua izaten zen orduan".

Izar iheskorren dantza

Urteak pasatu badira ere, ondo gogoan du 1933ko urrian izugarrizko izar aldaketa egon zela. "Ordubetean zortzi mila izar pasatzen ikusi genituen. Ikusi ez zuenak ezin sinestekoa da. Herri osoa gora begira egon zen. Orduan batzuk esaten zuten horrek gerra ekartzen zuela; abisu bat zela, hala zioten lehengo zaharrek. Halaxe izan zen: handik hiru urtera Gerra Zibila etorri zen".

Lehengo aldean orain "askoz hobeto" bizi da jendea, Azpitarteren arabera. "Lehen miseria zen. Orain erraztasun asko eta bizi kalitate hobea dauzkagu". Gaur, azaroaren 26an, 100 urte bete ditu, eta hainbeste urtera iristeko sekretua zein ote den galdetuta, hau erantzun du: "Poca cama, poco plato y mucha suela de zapato". "Lan asko egindakoa naiz, eta osasun ona eduki dut ia beti. Ospitalean operazio bakar bat ere egin gabe nago oraindik. Genetika ona izango da, agian. Laneko azken urteetan lan fisikoa izan nuen, eta erretiroa hartu nuenean pisua hartzen hasi nintzen. Handik aurrera, egunero pisatzen naiz, eta nire pisuan mantentzen naiz. Nire pisutik pasatzen banaiz, gutxiago jan edo barau egiten dut. Bestalde, etxeko lanak egiteaz gain, burua asko lantzen dut liburuak irakurriz. Horrez gain: telebista ikusi, Whatsappean eta Interneten ibili...", dio.

Ardoa edaten du jatorduetan, baina txikiteoa inoiz ez duela egin aitortu du. "Lagunekin igandetan meza nagusira joan eta handik pasieran Santa Kutz aldera kontuak esaten joaten ginen beti. Erromerietan ere ez ginen asko ibiltzen. Mendira joaten ginen gehienetan. Halere, gogoan dut, nik 15 bat urte nituela, hemezortzi taberna inguru zirela herrian. Ohitura zen baso handi bat eta botila bat barran jarrita, lagunartean tertulia eginez ogitartekoa jatea. Behin azpeitiarrak etorri eta baso bana eskatu zuten, eta haiengatik denek gaizki-esaka jardun zuten. Orduan ez zen gaitzekin pentsatzen, eta denek baso beretik edateko usadioa zegoen".

Kuadrillarekin, 1947. urtean.

Herria gaitzizenez josita

Azkoitian gaitzizenak jartzeko ohitura handia egon da betitik, eta askotan "oso zatarrak" jartzen ziren: "Kakaberde, Kakadarra..." Baserri izenak edo animalia izenak izaten ziren askotan. Behin batek ikasturte bukaerarako lan batean perretxikoei buruzko olerkia egin zuen, eta "Perretxikos”" izena geratu zitzaion betiko. Berari "Imuntzo" deitzen zioten, aitaren baserriagatik.

Tren mutur beltza

Azkoitiko trenbidea eta geltokia egin zituzteneko oroitzapenak ere ondo gogoan ditu. Txikia zela, 6 urterekin edo, Gaztanenea inguruan jolasean ibiltzen zirenean, tren bat etortzen zen eraikitzen ari ziren geltokira. "Tren mutur beltza deitzen genion. Tren-makinak trenbideko lanekin jarraitzeko materiala ekartzen zuen, eta hari begira egoten ginen. San Martingo etxeak ere garai hartan egin zituzten, eta gogoan dut 1926an eta 1928an Alfontso XIII.a etorri zela trena eta etxe haiek inauguratzera. Haiei begira egon ginen". Orduan ez zegoen ia beste garraiorik herrian. Autobusa zegoen Donostiara joateko bakarrik, eta gainerakoan zaldiek eramaten zuten gurdia –diligentzia– izaten zen Errexil tabernaren aurrean. Hura Arroara, Zumarragara eta Elgoibarrera joateko erabiltzen zuten, azaldu du Azpitartek.

Andramaixetako ekitaldiak

Garai bateko Andramari jaietara barraka bakarra etortzen zela dio Azpitartek. Gogoan du Goiko Losa inguruan egoten zela "tiro-pitxoia". Lau suzko errobera ere egoten ziren musika bandak lagunduta, festak girotzeko: poste bati lotuta egoten zen su bakoitza, haiei su emandakoan biraka hasten ziren. Mutikoak txinparten bueltan ibiltzen ziren, jaka buruan jarrita. Festen hirugarren egunean, berriz, Santa Kutzeko txirrindulari lasterketa izaten zen, eta txirrindulari "onenak" etortzen ziren. “Sari potoloak izaten ziren: 300 pezeta irabazlearentzat”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide