Urtea hasi denetik zortzi indarkeria matxista kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan

Andoni Elduaien 2020ko aza. 25a, 10:28

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hainbat indarkeria matxista kasu artatzen dituzte urtero. Iaz, hamabi kasu hauteman zituzten azarora bitartean; aurten, lau kasu gutxiago zenbatu dituzte.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta urtero legez, herriko hainbat eragilek indarkeria matxista salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Azkoitia ez da salbuespena indarkeria matxista kasuei dagokienez; izan ere, Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek Maxixatzen.eus-i emandako datuen arabera, 2020. urtea hasi denez geroztik azarora bitartean zortzi kasu artatu dituzte. Datuek apaltzera egin dute, iaz hamabi kasu artatu baitzituzten sail horretan.

Urtea hasi denetik indarkeria matxistak ez du etenik izan herrian. Urtarriletik azarora bitartean zortzi emakume joan dira Gizarte Zerbitzuetara laguntza eske. Artatu dituzten zortzi kasu horien erdiak 31 eta 45 urte bitarteko emakumeak izan dira; bi dira 18 eta 30 urte bitartekoak; 18 urte baino gazteagoko eta 46-59 urte bitarteko emakumeen kasu bana ere zenbatu dute, ordea.

Gizarte Zerbitzuek jakinarazitakoaren arabera, zortzi kasu horietatik lautan jarri da salaketa. Iaz baino salaketa bat gehiago jarri da, beraz –hiru izan ziren iaz–. Gainera, indarkeria matxista salatu duten hiru emakumeri jarri dizkiote babes neurriak; salaketa jarri duen beste emakume bati, berriz, ez diote babes neurririk jarri. Halere, udaleko zerbitzuak adierazi du ez dela nahitaezkoa salaketa jartzea Gizarte Zerbitzuen arreta integrala jasotzeko.

2019ko datuak

  • Iaz indarkeria matxista jasan zuten hamabi lagunek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara. Horrez gain, adingabeko beste hamabi herritar ere artatu zituzten.
  • Bost emakumek 18 eta 30 urte artean zituzten; lauk 31 eta 45 urte artean; eta beste hirurek, 46 eta 59 urte artean. 
  • Hamabi emakume horietatik hiruk jarri zuten salaketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide