Positiboen kopuruak beherako joerarekin jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak 702 kasu positibo atzeman zituzten atzo, zapatua, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positibotasun tasa %6,4koa izan zen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Atzo, zapatua, 10.980 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta emaitzak argitara eman dituzte jada Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 618 positibo zenbatu zituzten atzo egindako 9.616 probetan; herenegun baino 249 gutxiago. Positibotasun tasak ere behera egin du: %6,6koa zen herenegungo emaitzak kontuan hartuta, eta atzoko datuen arabera, %6,4koa da.

Nafarroan ere jaitsi egin da detektatutako positiboen kopurua. 134 lagunek eman zuten positibo herenegun, eta atzo, aldiz, 84k (1.364 proba egin zituen Osasunbideak). Hala ere, intzidentzia tasa igo egin da atzoko emaitzekin; izan ere, %5,8koa zen herenegun, baina datu berriak gehituta, %6,15ekoa da gaur-gaurkoz.

Herriz herriko daturik ez du ematen asteburuetan Osakidetzak. Joan den ostiralean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazitako datuen arabera, Azkoitian azken egunetan kasu positiboen kopuruak behera egin zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide