Anaitasunako neskek sendo eusten diote lidertzari

Andoni Elduaien 2020ko aza. 22a, 10:10
Anaitasunako neskak, garaipena lortu ondoren. (Argazkia: Anaitasuna)

Jokatutako lau neurketak irabazi ditu Anaitasunako nesken lehen taldeak, eta liderra da hamabi punturekin. Atzo, bi eta huts menderatu zuten Erandioko Betiko Neskak taldea.

Anaitasunako nesken lehen taldeak bi eta huts menderatu zuen atzo, larunbata, Bizkaiko Erandioko Betiko Neskak taldea. Eneritz Garatek egin zituen gorrixen bi golak, lehen zatian. Anaitasunako neskak egundoko liga hasiera ari dira egiten, izan ere, jokatutako lau neurketak irabazi dituzte; hamahiru gol egin ditu taldeak eta bi besterik ez ditu jaso. 

Partida hasiera parekatua izan zen Txerloian, baloiaren jabetza banatu baitzuten lehen minutuetan bi taldeek. Neurketa hutsean zela, ordea, kanpokoek izan zuten lehen abagune garbiena, baloia zutoinaren aurka jaurtita. Eskuin hegaletik sartu ziren bizkaitarrak, baina zutoinak Anaitasunaren atetik kanpora atera zuen baloia. 

25. minutuan egin zuen lehen gola Anaitasunak. Ezker hegaletik atera zen jokatzen taldea, eta Paulak egindako erdiraketan Eneritz Garatek baloiaetzanda errematatu zuen gola egiteko; baloia eta jokalaria biak sartu ziren ate barrura. 

Bigarren gola, berriz, 39. minutuan egin zuen Anaitasunak, kontraerasoan. Aurkariak presioan aurreratuta zeudela, baloia harrapatu zuten Anaitasunako neskek beren zelaian. Eneritz Garateri luze jokatu zion Libe Urzelaik, eta Garatek atezaina aurreratuta zegoela ikusita, baloia haren gainetik bidali zuen sareetara Anaitasunaren aldeko bigarren gola eginez. Emozioz gainezka ospatu zuten Anaitasunako neskek gola.

Bigarren zatian ezer gutxi aldatu zen Txerloian. Halere, Anaitasunak jokalari bat gutxiagorekin amaitu zuen neurketa, Ainhoa Galarragak bi txartel hori ikusita epaileak zelaitik egotzi baitzuen. Ordu laurden inguru falta zen artean neurketa amaitzeko, baina Azkoitiko taldeak lerroak ondo elkartuta, sendo eutsi zion markagailuari defentsako lan bikaina eginda.

Anaitasunako Maria Juaristik, berriz, hiru eta hutsekoa egin eta partida erabakita uzteko aukera ederra izan zuen 80. minutuan; aurrelariak, ordea, ez zuen asmatu ate aurrean. Bizkaitarrak ere pare bat aldiz hurbildu ziren Anaitasunaren atera, eta jaurtiketa bat zutoinera ere bidali zuten; Anaitasunako Oihana atezainak, halere, ondo eutsi zion ateari. Datorren asteburuan, Barakaldon (Bizkaia) jokatuko dute Anaitasunako neskek Pauldarrak taldearen aurka. Liga hasiera on honi jarraipena ematen ahaleginduko dira azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide