Kantu eta teklatu kontzertua antolatu dute abenduaren 13rako Intsausti jauregian

Nerea Uranga 2020ko aza. 22a, 11:00

Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa kantuan eta Loreto Fernandez teklatuan ariko dira Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako Batzordeak abenduaren 13rako Intsausti jauregian antolatu duen kontzertuan.

Aurtengorako kantuko eta teklatuko tresna historikoen bi kontzertu antolatuta zituen Azkoitiko Intsausti jauregian Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako Batzordeak. Aurrenekoaren hitzordua joan zen urrirako jarrita zuen, baina pandemiaren ondorioz bertan behera utzi zuten hura. Bigarren hitzordua abendurako jarrita zuten, eta horri eustea erabaki dute. Hala, abenduaren 13an Ainhoa Zubillaga ariko da kantuan eta Loreto Fernandez teklatuan; aurkezle lanak Esteban Elizondok egingo ditu. 12:00etan izango da kontzertua eta online jarraitzeko aukera izango da Interneteko esteka honetan.

Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatutako kontzertua izango da, eta Kutxak kontzertua pantaila handian jarraitzeko aukera eskainiko du Donostiako Tabakalerako laugarren solairuko Kutxa Kultur Plazan. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Aldez aurretik erreserba egin nahi dutenek telefono zenbaki hauetako batera deita egin dezakete: 943-25 19 18 edo 649 12 48 20.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide