Saltoki berriek edo eskuz aldatu direnek alokairua ordaintzeko dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte

Herriko edozein eremutako saltoki berriek eska ditzakete dirulaguntzak.

Herriko edozein lekutan kokatuta dauden eta 2019an edo 2020an ireki dituzten ala eskuz aldatu diren saltokiek izango dute laguntza eskatzeko aukera, abenduaren 1a bitartean. Bestalde, segurtasun irizpideak eta protokoloak bete ahal izateko inbertsioak edo ekipamendu gastuak diruz lagunduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Herriko saltokiek alokairu gastuak ordaintzen laguntzeko eskaerak egin ditzakete dagoeneko, Azkoitiko Udalak zabaldu baitu horretarako epea. 2016tik Alde Zaharrean irekitako saltoki berriei eskaini izan die laguntza erakundeak, baina orain, ordenantza aldatu dute, eta herriko edozein lekutan kokatutako saltokiek eskatu ahal izango dute laguntza. Hori bai, denda berriek edo eskuz aldatu direnek soilik eskuratu ahal izango dute dirulaguntza.

Eskaera onartzen dieten saltokiek bi urtetan jasoko dituzte laguntzak; hain zuzen ere, alokairu gastuaren %50 ordainduko die udalak horiei, 250 euroko kopuru muga gainditzen ez badute. 2019an eta 2020an ireki dituzten edo eskuz aldatu diren saltokiek izango dute laguntza eskatzeko aukera, abenduaren 1a bitartean. Interesa dutenek Azkoitia.eus atariko Dirulaguntzak atalean edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta eskuratu ahal izango dute informazio gehiago.

Segurtasunerako inbertsioak

Bestalde, COVID-19a dela-eta hartu beharreko segurtasun irizpideak eta protokoloak bete ahal izateko inbertsioak edo ekipamendu gastuak diruz lagunduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta dagoeneko zabaldu dute eskaerak egiteko epea. Azkoitiko eskaerak udalak kudeatuko ditu, eta erakunde horrek azaldu duenez, 34.149 euro bideratuko dituzte laguntza horietara.

Aldundiak diruz lagunduko ditu, besteak beste, lokalen egokitzapenak, lokalak egokitzeko inbertsioak edo ekipamendu gastuak, babes ekipo pertsonalenak, bezeroekin eta hornitzaileekin lan harreman berrietara egokitzeko inbertsioak nahiz ekipamendu gastuak zein espazioaren edo salgaien higienerako produktuen gastuak.

Dirulaguntza eskaerak egiteko epea abenduaren 11n bukatuko da, eta onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro eskuratu ahal izango ditu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide