Euskaraldia 2020

Lan munduan ere konpromisoak

Maxixatzen.eus 2020ko abe. 1a, 10:00

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Ohitura horiek pertsonengan aldatzeko asmoz sortu zen ekimena 2018. urtean, eta aurten, salto egin du lan mundura. Horretarako, ariguneak sortzera deitu dituzte enpresak, elkarteak eta erakundeak.

Arigune rola izango da aurtengo Euskaraldiak izango duen elementu berria. Elkarte, erakunde nahiz enpresa barruan euskaraz lasai aritzeko guneak dira ariguneak, eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan (barne ariguneak) edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean (kanpo ariguneak). Ariguneak zertan datzan jakiteko, Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait entitarekin hitz egin dugu, Euskaraldiak izan duen eragina eta euren erronkak jakiteko asmoz. Saltoki txikien, nahiz kirol arloko elkarteen esperientziak dira honakoak.

Arrospide oinetakoak

"Azkoitia eta Azpeitia bezalako herrietan euskaraz bizitzeko eta hitz egiteko arazorik ez dugu, baina euskararen alde egin dezakegun guztia egiten saiatzen gara Arrospiden. Lehenbiziko Euskaraldian ahobizi rola hartu genuen, eta oraingoan, entitate gisa ere ariko gara.

Saltoki txikiak izanik, ez gara modu berezian antolatu Euskaraldirako. Barne-arigunea bagara dagoeneko, euskaraz egiten dugulako lan guztia. Kanpo-ariguneari dagokionez, bezeroei ere euskaraz egingo diegu, beti egin izan dugun bezala. Hori bai, euskaldunak ez direnekin beste hizkuntza batean hitz egin beharko dugu.

Betidanik lehenetsi izan dugu euskara, gure ama hizkuntza delako. Gainera, txikitatik euskaraz bizi izan gara, eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugu. Horregatik da garrantzitsua horrelako egitasmoetan parte hartzea".

Iraurgi Saskibaloia

"Euskararen erabilera gizarteko alor guztietara zabaldu behar dela sinesten dugu ISBn, eta, kirol mailan behintzat, herriko entitate handienetakoa izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu gu Euskaraldian egotea.

Euskaraz bizi gara, euskara da gure hizkuntza, eta duela bi urte ere proposatu zizkiguten egitasmo guztietan parte hartu genuen. Azpeitia eta Azkoitia herri euskaldunak dira, eta saiatzen gara esparru guztietan euskara lehenesten.

Euskal Herrian ez dugu arazorik eduki euskaraz funtzionatzeko. Noski, batzuek gaztelaniaz funtzionatzen dute, baina guk ahal dugun neurrian euskarari eusten diogu. Espainiako txapelketetan ere parte hartzen dugu, eta halakoetan ez dago gaztelaniaz funtzionatu beste erremediorik.

Aurtengo Euskaraldira begira, barne-funtzionamendurako ditugun taldeak identifikatu genituen eta denok agertu ginen ados parte hartzearekin; horrenbestez, talde horiek arigune izendatu ditugu. Herritarrekin harremanetarako ditugun bideekin ere gauza bera egin dugu. Nesken zein mutilen goi mailako taldeetan, baina, ezinezkoa da ariguneak sortzea, jokalarietako batzuk atzerritarrak baitira. Dena den, gainerako taldeetan ez dugu neurririk hartu beharrik izan, erabat euskaraz bizi baitira horiek".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide