Gipuzkoako LIDL dendetako langile taldea indartzeko eskatu du LAB sindikatuak

Andoni Elduaien 2020ko aza. 19a, 14:25
Azkoitiko LIDL supermerkatua.

Azkoitiko LIDL supermerkatuan lau edo bost langileren hutsunea egon dela salatu du LAB sindikatuak, eta hainbat proposamen egin dizkio enpresari egoera iraultzeko.

"Pandemia eragindako egoeratik harago", Gipuzkoako LIDL dendetako langile taldea indartzeko eskatu dio LAB sindikatuak LIDL supermerkatuari. Enpresak Gipuzkoan bederatzi denda eta 220 langile inguru dituela jakinarazi du LABek; Azkoitian du, hain zuzen ere, denda bat supermerkatuak. "Martxotik jo eta su ari dira lanean langileak. Hasieran enpresak neurri batzuk hartu bazituen ere, hilabeteak aurrera joan ahala, eta ustezko normaltasunaren aitzakian erlaxatzen joan da enpresa. Gaur egun, langileak bakarrik aurkitzen dira denda aurrera ateratzeko garaian", adierazi du sindikatuak.

LABentzat "ezinbestekoa" da LIDLeko dendetako langile taldea indartzea; "hasieratik egindako eskaera" dela azaldu du sindikatuak. "Ez da COVID-19aren pandemiak zein ondoriozko segurtasun neurriek lan karga biderkatu dutelako bakarrik, lehendik ere ezagutzen genuen egunerokoa da. Eta orain, ia zortzi hilabete beranduago, pandemia garaian eta Gabonek dakarten salmenten igoerarekin, LIDLeko langileak nekatuta eta haserre daude", azaldu du LABek.

Sindikatuaren esanetan, hainbat dendetan egoerak "eztanda" egin du. Hala, jakinarazi du hainbat saltokitan hamar pertsona bajan izan direla ia bi astez. "Enpresak kontratazio puntualen bat egin du, lanaldiak handitu edo beste dendetatik laguntzaren bat bidali du, baina ezinezkoa da hamar pertsonen lana ordezkatzea. Ezer gertatu izan ez balitz bezala, gainontzeko langileen bizkar erori da denda aurrera ateratzea. Handia den lan karga areagotzeaz gain, tentsioa biderkatzea ekarri du horrek", nabarmendu du. Sindikatuak dio langileek "presioa" dutela denbora guztian "berandu eta presaka" dabiltzalako lanean, "haserre" daudela "lan ordu gehiago" egin behar dituztelako, "nekatuta" daudela "behar bezalako atsedena hartu" ezin izan dutelako, "larritasuna" nabari dela "segurtasun neurriak dendan betearazteko", eta era berean, "beldurra" dutela gaixotzeko. 

LABek azaldu du Hernaniko Galarretan gertatutakoaren antzekoa jazo zela Eibarren eta Azkoitian ere. "Eibarren, bederatzi langileren hutsunea izan dute. Duela aste batzuk antzekoa gertatu zen Hernaniko zein Azkoitiko dendetan, lau edo bost lankideren hutsunearekin. Guztietan langileek egin behar izan dute ahalegina denda aurrera ateratzeko. Batzuetan, gainera, beste denda batzuetatik errefortzuak eginda, eta, beraz, haien dendetan ere lan kargak eraginda", azpimarratu du sindikatuak.

"Egoerak ezin du horrela jarraitu", esan du LABek. "Langileen osasun fisikoan zein psikologikoan eragin zuzena du, eta neurriak hartu ezean, horrelakoak zein bestelako arriskuak biderkatu egingo dira". Egoera iraultzeko, LABek hainbat eskaera egin dizkio LIDL enpresari. Denda guztietan "kontratazio gehiago" egiteko galdegin du, baita "lanaldiak handitzea" ere horrela nahi duten langileei. Bestalde, mugak eskatu ditu dendetako aforoan eta produktuen aniztasunean. Horrez gain, dendak 20:00etarako ixteko proposamena ere egin du. Gainera, produktibitatea "presio mekanismo zein helburua bezala ez erabiltzeko" eskatu dio LABek LIDLi.

Sindikatuak jakinarazi du enpresarekin "harremanetan" dagoela, eta LIDLek adierazi diela kontratazioak eta lanaldiak handitzeko "saiakera" egingo duela. Halere, LABek kritika egin dio supermerkatuari, proposatutako beste neurriei "ezezkoa" eman dielako. Ezezkoa jaso duten neurri horien garrantzia azpimarratu nahi izan du LABek. "Epe motzean, neurri horiek dira langileen eguneroko lan karga aritzen eta segurtasun neurriak bermatzen lagunduko dutenak", adierazi du. Horrez gain, azken hilabeteetako "sakrifizioa eta esfortzua balioan" jartzeko eskatu dio sindikatuak LIDLi. Horretarako, bi egun eskatu ditu LABek langileentzat galdutako atseden egun bakoitzeko, eta lau opor egun gehiago "orokorrean egindako esfortzu plusa konpentsatzeko"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide