Euskaraldia 2020

Asteartera arte luzatu dute Euskaraldian izena emateko epea

Andoni Elduaien 2020ko aza. 19a, 11:44
Herritarrak txapak jasotzen. (Argazkia: Azkoitiko Udala)

Bihar hasi eta abenduaren 4an bukatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, baina azaroaren 24a arte izango da ahobizi edo belarriprest rolak aukeratu eta izena emateko aukera. Azkoitian, gaur amaituko da Euskaraldiko txapak eta ariguneen pegatinak jasotzeko epea.

Bihar hasiko da euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioa. Oraindik ahobizi edo belarriprest ez direnek gaur zuten, izatez, ariketa erraldoian izena emateko azken aukera, baina antolakuntzak epea luzatzea erabaki du. Hori horrela, izena emateko azken eguna datorren asteartea, azaroaren 24a, izango da. "Euskaraldiaren berri ematea, bereziki, konplikatua izaten ari da, eta azken egunetan asko mugitu da izen-ematea. Herritar asko orain ari dira jakiten Euskaraldia datorrela edo aurten berriz eman behar dela izena, eta gehiago izango dira ostiralean bertan ohartuko direnak", azaldu dute antolatzaileek hartutako erabakia.

Euskaraldian izena eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago dute horretarako. Interneten, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, eta telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere bai. Elkargunean eta udaletxean dauden eskuorriak beteta ere egin daiteke izen-ematea.

Txapak jasotzeko azken eguna

Duela bi urteko lehen Euskaraldian bezala, bihartik abenduaren 4ra paparrean txapak eramango dituzte izena eman duten ahobiziek eta belarriprestek, Euskaraldian parte aktiboa hartuko dutela adieraziz. Txapa horiek jasotzeko azken eguna gaur, osteguna, izango da Azkoitian. 12:00etatik 13:00etara edo 17:30etik 19:30era bitartean irekiko dute Torrezuri erakustokia. Ariketa sozialean izena emanda dauden Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko bazkideek, berriz, Euskaraldiko banderatxoa jasotzeko aukera ere izango dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide