Lagun Onak eta Anaitasunaren arteko derbia zuzenean emango dute Maxixatzen.eus-ek eta Erlo Telebistak, Azpeitiko Udalaren babesarekin

IƱigo Arregi Lagun Onakeko presidentea, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Josu Juaristi Anaitasunako kirol arduraduna.

Larunbatean, 16:00etan hasita, jokatuko dute bi taldeek derbia Garmendipe futbol zelaian. Maxixatzen.eus-ek partida zuzenean emango du webgune honetan, eta Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan ere ikusi ahal izango da norgehiagoka.

Larunbatean partida garrantzitsua jokatuko dute Lagun Onakeko eta Anaitasunako gizonen lehen taldeek: derbia izango da, 16:00etan hasita, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Urrezko hiru puntu izango dira jokoan, Espainiako Hirugarren Mailako sailkapenean gora egiteko balioko baitiete horiek bi taldeei. Dena den, zaleen berorik ez dute izango bi taldeek norgehiagokan; izan ere, koronabirusaren hedapena saihesteko ezarritako neurrien artean da kirol ekitaldietan publikorik ez izatea.

Hori horrela izanik, Maxixatzen.eus-ek partida zuzenean emango du webgune honetan. Azpeitiko Udalaren babesarekin egingo du zuzeneko emanaldia 16:00etan hasita. Horrenbestez, herritarrek derbia zuzenean ikusteko aukera izango dute Maxixatzen-en, baita Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan ere.

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) grabatuko du partida hainbat kamerarekin, eta bi lagun ariko dira esatari lanetan: Jon Orbegozo Lagun Onakeko jokalari ohia eta Andoni Elduaien UKTko kazetaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide