Hamabi positibo baieztatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 18a, 13:27

Azken zazpi egunotako daturik txarrena da atzokoa, baina, hala ere, intzidentzia tasak pixkanaka-pixkanaka jaisten jarraitzen du. Joan den asteazkenean hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua 1.426,31 zen, eta gaur 1.162,40 da. 

Azkoitian beste hamabi positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azken zazpi egunotako daturik txarrena da, baina azken asteotan egon dira egun beltzagoak ere. Astebetean, berriz, 41 positibo zenbatu dituzte herrian, aurreko asteetan baino gutxiago, eta horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka jaisten ari da intzidentzia tasa. Joan den asteazkenean hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua 1.426,31 zen, eta gaur 1.162,40 da.

Eskualdean ere gora egin du positibo berrien kopuruak: herenegun 29 atzeman zituzten, eta 48 izan ziren atzo. Gehienak Azpeitian baieztatu zituzten, hamahiru, eta horiekin, 77 dira azken astean herri horretan hauteman dituzten positiboak. Dena dela, hango intzidentzia tasa ere jaisten ari da: joan den asteazkenean 1.248,75 zen, eta gaur 1.162,40 da.

Aldiz, Orioko joera kontrakoa da. Atzo beste zortzi positibo baieztatu zituzten han, eta 40 dira azken astean zenbatu dituztenak. Ondorioz, gorantz doa hango intzidentzia tasa: 1.336,41 da, eskualdeko handiena, Errezilen atzetik.

Azpeiti, Azkoiti eta Orioko 23 positiboez gain, beste hamabost ere atzeman zituzten atzo eskualdean: sei Zarautzen; bina Zumaian, Zestoan, Getarian eta Aian; eta bat Errezilen.

Beste 1.210 positibo Hego Euskal Herrian

Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian ere gora egin du positibo berrien kopuruak. Herenegun 1.079 baieztatu zituzten; atzo, berriz, 131 gehiago, 1.210 hain zuzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.929 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 1.050ek eman zuten positibo, %7k. Gipuzkoan eta Bizkaian 459na positibo zenbatu zituzten, eta 122 Araban. Beste hamar positiboak, beste autonomia erkidego batzuetako herritarrek eman zituzten.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerak zaila izaten jarraitzen du. Atzo beste 79 lagun ospitaleratu behar izan zituzten eta guztira 622 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan; horietatik 137 ZIUn.

Nafarroan, berriz, 2.815 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 160k eman zuten positibo, herenegun baino 22 gehiagok. Hango positibotasun tasa %5 da. Ospitaleetako egoerari buruzko daturik ez du eman Nafarroako Gobernuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide