Elkarretaratzea egin dute zaintza sektoreko langileek Zumaian, greba egunean

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 17a, 16:10
Grebalariak, Zumaiako elkarretaratzean. (Argazkiak: Baleike)

Deialdia ez da espero bezain jendetsua izan, Eusko Jaurlaritzak bezperan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkielako.

Zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak grebara deitu ditu gaur ELA sindikatuak. Zumaiako (Gipuzkoa) Beheko plazan egin dute Urola Kosta eskualdeko ekitaldi nagusia, han elkartu baitira dozenaka lagun. Zaintza arloko langileekin bat egin dute hainbat herritako jubilatuek eta pentsiodunek ere.

Zaintza publikoaren defentsarako aldarriak entzun dira eguerdi partean Zumaian, baita zaintzaileen ongizatearen aldekoa ere. Erakundeek ezarritako gutxieneko zerbitzuek langileak grebarako eskubiderik gabe utzi dituela salatu dute. "Gutxieneko zerbitzu minimo hauek oso argi erakusten dute gure instituzioek zaintza sektoreko enpresekiko duten erabateko menpekotasuna. Sistemaren maltzurkeria osoa agerian uzten dute", azaldu dute kontzentrazioaren amaieran. 

Sektoreak pairatzen dituen zenbait arazo ere nabarmendu dituzte, hala nola, "plantilla guztiz eskasak eta ratio gizagabeak, egutegi gizagabeak, hilabete bukaerara iristea bermatzen ez dituzten soldatak, baliabide materialetan eta babes neurrietan ez inbertitzea, arreta eskasa eta gizatasunik gabea, eta pribatizaziorako apustu sendoa". Langile guztiak publikoak izango diren sistema behar dutela aldarrikatu dute grebalariek. "Plantilla zabalak eta hurbilekoa zein goxoa den zaintza bermatuko duen sistema" behar dutela ere azaldu dute eguerdian egindako kontzentrazioan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide