Urrian langabezia tasak behera egin du Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko aza. 17a, 11:02

0,6 puntu jaitsi da langabezia tasa irailetik urrira bitartean. Joan den hilaren amaieran, 560 azkoitiar zeuden lanik gabe, Lanbidek emandako datuen arabera.

Urrian ere beherazko joera hartu du langabeziak, Azkoitian. Lanbidek emandako datuen arabera, joan den hilean langabezia %9,6an kokatu zen tasa; irailean, berriz, %10,2koa zen tasa. Hori horrela, Azkoitiko langabezia tasak 0,6 puntu egin du behera. Azkoitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,5) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,9) azpitik dago. Urola Kostako langabezia tasa, berriz, %7,9 irailean %9,6 zen–. Eskualdeko zenbateko hori baino %1,7 altuagoa da Azkoitiko tasa egun.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, urriaren amaieran 560 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian, irailean baino 39 gutxiago. Langabe horiek guztietatik 270 gizonezkoak ziren –285 irailean–, eta 290 emakumezkoak –314 irailean–; emakumeak dira langabeen erdia baino gehiago. Adin tarteka, berriz, urrian ere aldeak nabarmenak dira adin tarte handienetan; izan ere, 25 urtez azpiko herritarren artean 25 gizon eta 28 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko tartean, ostera, 111 gizon eta 134 emakume; eta 45 urtetik gorakoetan, 134 gizon eta 128 emakume.

Urrian, 45 urtetik gorakoen adin tartean, lanik gabe gizon gehiago zeuden emakumeak baino. Beste bi adin tarteetan, ordea, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, urrian ere lanik gabe zeuden herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira. Bestalde, urriaren amaieran langabezian ziren herritarrek aurrez zer eremutan lan egiten zuten ere zehaztu du Lanbidek kaleratu duen txostenean: 22 nekazaritzan, 100 industrian, 35 eraikuntzan, 302 zerbitzuetan; 101 lagun zeuden lehendik lanik gabe. 

Eskualdeko datuak

Urola Kostako herri guztietan egin du behera langabeziak, Getarian izan ezik; han puntu erdia egin du gora langabeziak. Urrian, guztira, 2.972 lagun ziren lanik gabe, irailean baino 664 pertsona gutxiago. Eskualdean lanik gabe zeuden pertsonetatik 1.511 gizonezkoak ziren, eta 1.889 emakumeak. Lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko ia herri guztietan; Aian, Beizaman eta Zestoa, aldea oso txikia bada ere, gizonezko gehiago dago langabezian. Lanbidek emandako datuen arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena Urola Kostan (%13,4), eta haren ostean dira Azkoitia (%9,6), Orio (%9,5) eta Azpeitia (%9,3). 

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %7,2 (%7,4 irailean)
  • Aizarnazabal %13,4 (%15,1 irailean)
  • Azkoitia %9,6 (%10,2 irailean)
  • Azpeitia %9,3 (%10,2 irailean)
  • Beizama %8,5 (%10,2 irailean)
  • Errezil %5,7 (%6 irailean)
  • Getaria %7,6 (%7,1 irailean )
  • Orio %9,5 (%9,9 irailean)
  • Zarautz %8,8 (%9,4 irailean)
  • Zestoa %9 (%9,5 irailean)
  • Zumaia %8,8 (%9,6 irailean)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide