Udalak ordenantzen berrikuspenerako teknikari bat kontratatuko du

Anartz Izagirre 2020ko aza. 16a, 16:17

Lanpostua Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eskaini du udalak, eta 30 urtetik beherakoek eman ahalko dute izena Lanbideren bitartez, hilaren 24a baino lehen. Hamabi hilabeteko iraupena izango du kontratuak, eta lanaldi osorako izango da.

Azkoitiko Udalak ordenantzen berrikuspenerako teknikari bat kontratatuko du, eta dagoeneko eman daiteke lanposturako izena. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak finantzatuko dute postua, eta Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan egin dute eskaintza. Kontratuak hamabi hilabeteko iraupena izango du, eta lanaldi osoan arituko da teknikaria lanean. 

Honako baldintza hauek bete behar dituzte eskatzaileek:

  • 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
  • Enplegu eskatzaile izan behar dute, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, Zuzenbidean Lizentziatura hezkuntza mailarekin.
  • Gazteen Bermerako Sisteman inskribatuta egon behar dute kontratua abiatu aurreko egunean.
  • Azkoitiko udalerrian erroldatua egotea.

Interesatuek Lanbideren bitartez eman beharko dute izena azaroaren 24a baino lehen. Honako lotura honetan irakur daitezke lan eskaintzaren oinarriak, eta honako honetan, baldintza guztiak. Behin aurretiazko hautaketa eginda, Lanbidek udalari igorritako hautagaien aukeraketa egingo da, izangaiek egiaztaturiko merituak balioetsiko dira eta elkarrizketa egingo zaie.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide